Bitxikeria

poloaIpar Polora, zepelinean

Leku gutxi daude munduan inongo turistarik gabeak. Ipar Poloa ez da salbuespena, agentzia batzuek hura bisitatzeko aukera eskaintzen baitute. Hori bai, hain leku urruna izanik, helikopteroz edota ontzi izotz-hausleetan eraman ohi dituzte turistak. Garraiobide horien kutsadura saihesteko asmoz, Suediako OceanSky Cruises konpainiak Ipar Polora bidaiatzeko beste modu bat proposatu du: zepelina. Horretarako, Hybrid Air Vehicles enpresak garatutako Airlander10 izeneko zepelin moduko ontzia baliatuko du. Izan ere, ez du karbonorik isurtzen,  eta horixe du helburu OceanSky Cruises-ek: ingurumenean kalterik eragingo ez duten bidaiak eskaini. Nolanahi ere, jasangarriak bezain garestiak izango dira bidaiak. Ipar Polora zepelinean joan nahi duenak 70.000 euro inguru ordaindu beharko ditu, luxuzko bidaia izango baita. Zepelinak bost izarreko hotelen antzeko zerbitzuak eskainiko ditu; esaterako, sukaldari ezagun batek prestatutako otorduak. Guztira, 16 bidaiarirentzako 8 logela bikoitz izango ditu, paisaiaz gozatzeko leiho handiekin. Bidaia Norvegiako Svalbard uhartediko Longyearbyen herritik abiatuko da Ipar Polora, eta 36 ordu iraungo du. Bidean, lur hartu eta Artikoko lurraldeetan txangoa egiteko aukera izango dute bidaiariek. Lehen bidaiak 2023ko udaberrian egin nahi ditu konpainiak. Garestia izanagatik, halako dirutza ordaintzeko prest dagoen bidaiari apetatsurik faltako zaienik inork uste al du?