Bideo-jokoak

gameJokoan aritzeko mugak ezarri dizkiete gazteei Txinan

Gazteen artean bideo-jokoekiko mendekotasuna handitzen ari dela eta, Txinako Gobernuak gauez jokatzeko debekua ezarri die gazteei. Zehazki, gaueko 22:00etatik goizeko 08:00etara debekatu die online plataformetako bideo-jokoetan aritzea. Gainera, astegunetan, gehienez 90 minutuz jokatu ahal izango dute egunero. Asteburu eta oporraldietan, berriz, egunean 3 orduko tartea izango dute bideo-jokoetan jarduteko. Neurri gehiago ere ezarri dituzte: 8 eta 16 urte bitarteko gazteek hilean 200 yuan gastatu ahal izango dituzte, asko jota, online bidezko jokoetan; 16 eta 18 urte bitartekoek, ostera, 400 yuanekoa izango dute muga. 2018tik ari da Txinako Gobernua online bidezko bideo-jokoen eragina mugatzeko lanean. Bideo-jokoen arloan, munduko bigarren merkatua da Txina. 2018an, gazteen artean miopia eta jokoekiko mendekotasuna areagotzen ari zirelako kezkatuta, bideo-jokoak arautzen hasi zen. Orain, Txinan aritzen diren online bidezko plataforma guztiei ezarriko dizkie neurri hauek. Horretarako, poliziaren laguntzaz, erabiltzaileak identifikatzeko sistemak garatuko ditu. Galdera ugari eragiten dituzte neurriok, esaterako: mendekotasunari aurre egiteko dira, ala gizarte zaintza areagotzeko?