New York

joker‘Joker’ filmaren arrakastak Bronx auzoa aztoratu du

Jakina da film eta telesail arrakastatsuek turismoan eragina izaten dutela. Urrutira joan gabe, hortxe dira Games of Thrones telesailak Gaztelugatxera eta Itzurunera erakarritako turista oldeak. Bada, New Yorkeko Bronx auzoan antzera dabiltza, Joker filma dela eta. Pelikulan, makina bat aldiz agertzen dira Bronx auzoko eskailera luze eta ospel batzuk. Hantxe ibiltzen da, gora eta behera, Joaquin Phoenixek gorpuztutako Arthur Fleck protagonista. Behin Joker bihurtuta, Fleckek eskailera horietan behera egindako dantza izugarri ezaguna egin da. Orain, bisitari andana gerturatzen da eskailera horietara, eta gorabehera franko eragiten hasi da behinola hiriko auzo arriskutsuenetakoa izan zenean. Bisitari horietako askok, gainera, orotariko pellokeriak egiten dituzte: Jokerren dantza imitatu, selfie txoroak egin... Zenbait auzotarrek, inguruan negozioren bat dutenek, batik bat, eskertu dute gero eta bisitari gehiago gerturatzea. Haatik, bizilagun askorentzat eskailera zikin eta itsusiak besterik ez dira, eta harridura eragin die halako arrakastak. Badira, halaber, turisten txorakeriez kokoteraino dauden bizilagun asko eta asko, eta horregatik  arrautzak, margoa eta beste bota izan dizkiete turistei. Auzoa aztoratuta, beraz, baina bisitari jarioak etenik ez. Arrautzekin edota margoekin zikindua izatea turismo atrakzio bilakatzen ez bada, gaitz erdi!