Australia

facePornografia ikusteko, aurpegia eman

Adin txikikoek Interneten pornografiarik ikus ez dezaten, neurriak hartu nahi ditu Australiako Gobernuak. Sarean ibili eta edozelako edukiak topatzea zeinen erraza den kontuan hartuta, aurpegi bidezko identifikazio teknologia baliatzea proposatu berri du herrialde hartako gobernuak. Hots, atari pornografiko batean sartu nahi duenak bere aurpegia identifikatu beharko du. Hartara, administrazio publikoaren dokumentu ofizialekin alderatu eta erabiltzaile bakoitzaren adina eta nortasuna egiaztatu ahal izango lirateke; adin txikikoa izanez gero, ezin erabili pornografia atarir­ik. Oraingoz, proposamena besterik ez da, Australiako Parlamentuan eztabaidatu behar baitute neurria. Halere, dagoeneko sortu dira kontrako iritziak. Batez ere, datu horien erabilerak kezkatzen ditu neurriaren kontrakoak. Izan ere, zenbait adituren iritziz, datuok enpresa pribatuen esku geratzeko arriskua legoke. Ikusi beharko da zertan geratzen den proposamena, baina jendearen datuen gaineko zaintza areagotu eta zorrozteko joera ez da berria Australian. Aurpegi bidezko identifikazio teknologia jada baliatzen dute, 2016an hasi baitziren herritarren datu biometrikoak jasotzen australiar hiritartasuna eskatzen zutenen artean.