Ingurumena

intsektuGarbitzeko haize-makinak, intsektuen etsai

Kale garbitzaileen artean, arras erabiliak dira haize-makinak: eroritako hostoak, paperak, zaborrak eta beste haizatuz, kaleak garbitzeko baliatzen dituzte. Ezagunak bezain gorrotatuak dira, ziurrenik. Herritar ugari kexu agertu ohi dira, makinok sortzen duten zarata dela eta. Gizakiontzat gogaikarriak izan daitezke, baina intsektuentzat hilgarriak dira. Hala ohartarazi du, bederen, Alemaniako Gobernuko Ingurumen Ministerioak: sortzen duten kutsadura eta burrunbaz gain, intsektuak xurgatu edota airean bidaltzen dituztenez, asko hiltzen dituzte. Hori dela eta, ahalik eta gutxiena erabiltzeko gomendioa egin du Ministerioak; soilik ezinbestekoa denean, alegia. Hori bai, oraingoz ez ditu debekatu. Kanpaina zabalago baten parte da ohartarazpena. Duela urte pare bat, Alemanian intsektu hegalarien kopurua % 75 murriztu zela jakinarazi zuen ikerketa batek. Munduan ere, gero eta ikerketa gehiagok diote intsektuak desagertzen ari direla. Murrizketaren erantzule nagusiak nekazaritza industria, pestizidak eta klima aldaketa direla uste dute zientzialariek. Horregatik, berriki, intsektuak babesteko plana ipini zuen abian Alemaniako Gobernuak, eta horren baitan iritsi da Ministerioaren oharra. Ministerioari kasu egin eta haize-makinen ordez erratzen eta arrasteluen erabilera areagotuko al da, ala gomendioa haizeak eramango du?