Euskara

euskaraldiaUrrats berriak emango ditu bigarren Euskaraldiak

Euskaraldiaren bigarren edizioan gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egingo da euskaraz. Halaxe azaldu zuten ekimenaren sustatzaileek iragan azaroaren 20an Donostian eginiko aurkezpenean. Bigarren ediziorako hautaturiko leloak ere ideia hori nabarmentzen du: Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan. Hori lortzeko, hizkuntza ohiturak aldatzea xede duen ariketa sozialak zenbait berrikuntza izango ditu, iaz hasitako dinamika zabaldu eta sakontzeko. Hala, lehen edizioak baino iraupen handiagoa izango du: 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da, 15 egunez (iaz, 11 egun izan zituen). Aurrekoan bezala, belarriprest eta ahobiziak izango dira protagonista nagusiak. Alta, banakako harremanetan ez ezik, taldeetan ere eragingo du bigarren Euskaraldiak, mota guztietako entitateen parte hartzea bultzatuta. Horretarako, arigunea izeneko kontzeptua sortu dute: entitateen barruan euskaraz aritzeko guneak izango dira ariguneak. Euskaraz hitz egiteko aukera bermatuko dute ariguneek, bai entitateen barruan, bai entitateek herritarrekin duten harremanean. Hortaz, entitateen ardura izango da arigune horiek sustatu eta babestea. Hain juxtu, entitateek dagoeneko zabalik dute Euskaraldian izena emateko aukera, www.euskaraldia.eus webgunean.