Osasuna

umeaHaur bat hiltzen da 39 segundoan behin pneumoniaren eraginez

Iaz, bost urtetik beherako 800.000 ume baino gehiago hil zituen pneumoniak munduan. 39 segundoan behin ume bat, alegia. Hildako gehienek bi urte baino gutxiago zituzten; horietatik 153.000 jaio eta hilabetea igaro baino lehen hil ziren. Heriotza gehienak bost herrialdetan gertatu ziren: Nigeria (162.000), India (127.000), Pakistan (58.000), Kongoko Errepublika Demokratikoa (40.000) eta Etiopia (32.000). Bost urtetik beherako haurren artean, munduan heriotza gehien eragin zituen gaixotasuna izan zen 2018an, beherakoak (437.000) eta malariak (272.000) baino gehiago. Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak ezagutarazi zituen datuok iragan azaroaren 12an, Pneumoniaren Nazioarteko Egunean, hain zuzen. OME Osasunaren Mundu Erakundearen eta nazioarteko beste zenbait erakunderen azterketa eta zenbatespenak dituzte oinarri Unicefek emandako datuek. Zenbakiak plazaratzeaz harago, “kasurik gehienetan aurrea hartu ahal zaion eta trata daitekeen gaixotasuna” dela salatu du Unicefek, erakundearen Zuzendari Exekutibo Henrietta Foren bidez. Hala, beste zenbait erakunderekin batera, pneumoniak gehien erasandako herrialdeei eskatu diete gaixotasunaren kontrako estrategiak garatu eta oinarrizko osasun zerbitzuak hobetzeko. Herrialde aberatsei eta enpresa pribatuei, berriz, txertoen kostua merkatzeko eskatu diete, baita pneumonia ikertzeko funtsak handitzeko ere.