Feminismoa

femiAbiatzear da XIV. Feministaldia

Pilulak lelopean egingo da, abenduaren 8tik 14ra, Feministaldia Kultura Feministaren Jaialdiaren 14. edizioa. Plazandreok plataformak antolatuta, Donostian izango da. Haatik, jaialdia ez da egingo, azken urteotan bezala, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, Kontadores gunean baizik. Berritasun gehiago ere badakartza aurtengo Feministaldiak: hitzaurre moduan, bi solasaldi egin zituzten, azaroaren 23an eta 24an, Paul B. Preciado filosofoarekin eta Cristina Morales idazlearekin. Tabakalerarekin elkarlanean antolatutako hitzaurrearen ostean, Literaktum jaialdiarekin hasiko dira, abenduaren 8an, Feministaldiko ekitaldi nagusiak. Ezin denak hemen aipatu, beraz, feministaldia.org gunera jotzea onena, bertan paratu baitute egitarau osoa.