Mintzapraktika saioak Oiartzungo adinekoekin

mintzaBelaunaldien arteko elkarlana, denon mesedetan. Bide horri heldu diote, aurtengo ikasturtean, Oiartzungo Intxixu AEK euskaltegiak eta Petra Lekuona Adinekoen Egoitzak: azaroaren 14an, euskaltegiko ikasleak Petra Lekuona Adinekoen Egoitzan bildu ziren bertako hainbat egoiliarrekin. Ordubete pasatxoko saioan, hainbat konturi buruz euskaraz hitz egiten aritu ziren. Lehen saioa izan zen elkarte bien artean martxan jarritako egitasmoaren barnean, eta, hurrengo saioa abenduaren 12an izango bada ere, asmoa da aurrerantzean 2 astean behin biltzea.
Hainbat helburu ditu egitasmoak. Alde batetik, ikasleek ikasgelan landutakoa praktikatzeko aukera izango dute, testuinguru informalean, eta, horrez gain, bertako euskara entzutera ohituko dira. Beste alde batetik, Petra Lekuonako egoiliarrek beren esperientzia herriari transmititzeko parada izango dute, eta, hala, beste belaunaldi batzuetako jendearekin harremanetan sartzea sustatuko da. Halaber, gaurkotasuneko gaiak jorratu eta kognitiboki estimulatzeko gunea izango da. Intxixu AEK-ko kideek azaldu dutenez, “lehen saioan oso gustura aritu ziren, oso dibertigarria izan zen, eta barre-algaraka egon ziren”. Ziur hurrengo saioetan, konfiantza handiagoa izanik, are hobeto pasatuko dutela!