AEK-k indarrean du 2019-2023 epealdirako berdintasun plana

AEK-k dagoeneko abian du bere berdintasun plana, datozen lau urteotan garatuko duena,  eguneroko funtzionamenduan ikuspegi feminista txertatzeko. Planaren xede nagusia erakundean ikuspegi feminista ezartzeko bideak zabaltzea denez, kideen aukera berdintasuna bermatuko duten neurriak hartzeko urrats sistematikoak egingo dira, eta horiek AEKren eguneroko jardunean txertatuta geratuko dira.
Planaren oinarrian, joan den ikasturtean osatutako diagnostikoa eta AEK-ko kideengandik jasotako ekarpenak daude. Lau ikasturtean garatuko den plangintzaren bidez, hortaz, AEK-k helburu hauek erdietsi nahi ditu: erakundeak eskaintzen dituen zerbitzu guztietan ikuspegi feminista txertatuta egotea; iruditegian zein komunikazioan, eta AEK-k antolatzen dituen ekimenetan, era bikainean aritzea; eta, azkenik, erakundearen kulturan, egituran eta AEK-ko kideen lanaren nahiz bizitza familiarraren eta pertsonalaren antolaketan aurrerapauso nabarmenak egitea.