Antzerki mundua oso umila da

azkarateEdurne Azkarate
Aktorea

Jendaurreko arte mota guztietan aritu izan da Edurne Azkarate (Gasteiz, 1993) aktore oiondarra: bertsolaritza, telebista eta antzerkia. Badirudi azken horretan, taula gainean, topatu duela bere lekutxoa. Zaldi urdina antzezlanean, parte hartzen du, eta obrak izandako harrera eta kritika ona asimilatzen dabil oraindik. Luhuson izan zen aurreneko emanaldia, eta orain Euskal Herria zeharkatzen ari da Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin konpainiek sortutako antzezlana.

Zaldi urdina antzezlanak harrera ona izan du.
Bai, bai. Lehen aldia dut horren harrera ona izaten ari den obra batean parte hartzen dudana, eta ez dut denbora gehiegirik izan gelditu eta honetaz hausnartzeko. Baina flipatzen ari naiz ikusleen harrerarekin.
Heroinaren gaineko ikerketa batetik abiatu zineten.
Herri edo familia baten istorioa kontatzen da, baina droga baliatzen dugu gai tabu hori mahai gainean jartzeko eta irekitzen dituen ate guztiak esploratzeko. Euskal Herriak jasandako azken sarraskia izan bada ere, ez da lotzen gure herriko historiarekin. Duela oso gutxi gertatutako kontua da, eta antzokira datorren edonork badu bere istorioa horrekin, edo, behintzat, entzun ditu gaiaren gaineko gauzak. Ate asko jotzeko aukera ematen du gaiak.
80ko hamarkada dakar gogora, baina istorioa gaurkotuta dago. Egungo gazteak ere identifikatuta senti daitezke, ezta?
Bai. Istorioa gaur egun kokatuta dago, Euskal Herrian, eta pertsonaien adin tartea oso zabala da. Beraz, gazteek ere gazteak ikusten dituzte oholtzan.  Gainera, drogen auzia orain dela gutxi jazo bada ere, belaunaldi arteko salto moduko bat izan da, eta askok ez dute inolako harremanik izan gaiarekin. Beharbada, horregatik dute interes handia, eta antzokira etortzen direnean berehala konektatzen dute gurekin.
Zergatik hasi zinen antzerkian?
Ez da txikitatik ezagutu dudan ogibidea, baina betidanik ikusi izan ditut kale antzerkiak edo txotxongiloak. Misteriotik eta sorginkeriatik bizi izaten nuen mundu hori, bazegoen erakartzen ninduen zerbait. Nerabezaroan hasteko aukera suertatu zitzaidan, eta, behin hasita, arte dramatikoaren edo antzerkiaren mundua oso aberatsa eta zabala dela ikusi nuen, ezinezkoa egin zitzaidan bertatik irtetea. Mundu oso umila da, eta umiltasun hori oinarri, mendekotasun handia eragiten du. Oso indartsu, sentibera eta fisikoa ere bada, eta nik gauza horiek maite nituenez, harrapatuta geratu nintzen.
Zer ikasi duzu bertsolaritzaz eta antzerkigintzaz?
Bertsolaritzan txikitan hasi nintzen, eta, besteak beste, euskal komunitatea eta lagunak egiteko aukera eman zidan. Neure burua ez dut sekula bertsolari jarri, baina nire ibilbidean lehenengo geltoki baten modukoa izan zen, eta oso eskertuta nago. Gainera, bertsolaritzak eta antzerkigintzak badute zer bera: oholtza gainean, jende mordoaren aurrean, bizi duzun hauskortasuna. Adrenalina askatzea eragiten dizu, eta horrek, era berean, mendekotasun handia sortzen du.
Telebistan ere ibili zara, Hitzetik hortzera edo Aulki-jokoa saioetan, esaterako.
Bai, denetik probatu behar dela esaten dute, kar-kar!

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Kanpoan gosaltzeak.
Eta tristatu? Euri zaparradarekin etxetik atera behar izateak.
Zerk eragiten dizu barrea? Norbaitek bere gabezia baten gainean umore beltza egiteak.
Eta negarra? Ume txikiei bezala, oso nekatuta banago, negargura jartzen zait. 
Zerk haserrearazten zaitu? Jendeak elkar epaitzea, ez dut jasaten.
Oholtza gainera igotzean? Oso garaiz iritsi, dena bere lekuan dagoela egiaztatu eta animatzen nauen musika kaskoekin entzun.
Errepikatzen duzun mantra? Lanera joaten naizenean, beti pentsatzen dut: plazera, diziplina eta lana.
Bizio bat? Gurasoen etxera bueltatzen naizenean, arrautza frijituak afaltzea.
Esti Lanao