Azoka bezperako izerdiak

Badator 54. Durangoko Azoka, euskal kulturaren urteko hitzordurik garrantzitsuena. Abenduaren 5etik 8ra, euskal sortzaileen uzta bilduko du Landako Guneak, bertara joango diren milaka lagunen gozagarri, dena haien eskura. Dena prest eta txukun egon dadin, ordea, lana beltz egin behar izaten dute Azokaren ekosistema osatzen duten eragile guztiek: sortzaile, argitaletxe, diskoetxe, inprimategi, tabernari, garraiolari... Auskalo zenbat izerdi botako den Azokaren zurrunbiloa martxan jarri aurretik! Guk ere Azokaren bezperei erreparatu diegu, hain mugarri garrantzitsura heltzeko egiten den lanari neurria hartu nahian. Eñaut Mitxelena, Txomin L. Aramaio, Maider del Olmo.

antza

“Guretzat, Durangoko Azoka zedarri bat da”

Lan betean ibili dira azken asteetan Antza Komunikazio Grafikoa enpresan. Bertako kideentzat, Durangoko Azoka data garrantzitsua da, beste inprimategi askorentzat bezalaxe, Marian Etxeberria Sanchezek (Donostia, 1967) azaldu digunez. Antzako aholkulari komertziala eta proiektu arduraduna da Etxeberria, eta 1997tik dihardu bertan lanean.

“Hemen hasi nintzenean entzun nuen, lehenengo aldiz, Durangitis hitza. Orain ez da esaten. Agian, dagoeneko ez dagoelako modan, edo, beharbada, produzitzeko moduan, teknologia aldetik eta, mugatuago geundelako orduan” dio Etxeberriak, Antzan lanean hasi zeneko urteak gogoan. Egun, hitz hori erabili ez arren, berdin-berdin handitzen zaie lana Azoka bezperetan. Azoka hurbildu ahala, “nabarmen handitzen da egitekoa”.
Antzan, “irailaren bukaeran edo urriaren hasieran” hasi ohi da Durangoko Azoka. “Beharbada, inprimatzen ez gara hasten orduan, baina aurrekontu, epe, proposamen... mugimendu handia izaten dugu. Hau da, irailean, arlo komertzialean eta koordinazio lanetan hasten gara”. Nolanahi ere, arrazoia ez da soilik Durangoko Azoka. “Data jakin batzuetan, mundua bukatu egingo dela esaten dugu. Durangoko Azoka da horietako bat, baina urte bukaera ere hor dago. Guretzat, Durango zedarri bat da, Gabonak bezalaxe. Hortaz, esprint indartsua izaten dugu, baina ez da dena Azokarekin amaitzen. Ondoren ere, hor jarraitzen dugu, Gabonei begira”.
“Durangorako, dezente handitzen da liburuen inprimaketa eta maketazio lana” dio Etxeberriak, baina bestelako produktuak ere ugaritzen zaizkie: agendak, egutegiak, aldizkariak... “Guk aldizkari asko (AIZU!, Gaztezulo, Argia, Hik Hasi...) prestatzen ditugu, eta, Durangon erakusmahaia jartzen badute, data horietarako egon behar dira. Gainerako produktuekin ere, berdin. Azoka ostean ere salduko dituzte, baina, batez ere, Durangon”. Horrek lan asko pilatzea dakarkie. Izan ere, “denek dute entrega data bera. Esate baterako, 10 liburu egin behar baditugu, pentsatzen duzu ez dela hainbeste. Denak batera etortzen dira, egin behar dira, eta ezin lanak mailakatuta egin, ezta bezeroei lanak mailakatuta eskatu ere. Dena iristen da batera, eta dena egin behar da epe berean”. Jakina, “saiatu, saiatzen gara lanak aurreratzen; halere, oso zaila izaten da. Denok izaten dugu lan handia, eta denok ibiltzen gara buru-belarri. Gure bezero gehienek urte asko daramatzate gurekin, zuzeneko harremana izaten dugu, baina, azkenean, denok ditugu gure epeak. Guk gureak eta zuek zuenak. Zer esango dizut zuri, abenduko aldizkaria abuztuan ekartzeko? Azkenean, gauzak pilatu egiten dira”. Hala, Etxeberriaren aburuz, urteko azken hiruhilekoa izan daiteke, lanean, garairik “estresagarriena. Dena dela, lana da, eta atera egin behar da. Badakigu garai hau horrelakoa dela, ez dator bat-batean”.
Urte askotako eskarmentua lagun, lana ondo antolatuta egiten diote aurre urte sasoi honi. Antzan, inprimatze lanak ez ezik, maketazio eta diseinu lanak ere egiten dituzte. Hala, eskari motaren arabera egokitu behar izaten dituzte epeak. Esaterako, “liburu bat inprimatzea, behin betiko bertsioa dugunetik, 2 edo 3 asteko lana izan daiteke, liburu motaren arabera”. Zuzeneko inprimaketaren aldean, maketazio eta diseinu lanek denbora gehiago eskatzen dute: “Luzeena maketazioa izaten da. Liburu mota, bezeroa nola dabilen... baldintza asko daude, baina bertan maketatuz gero, hilabete edo bi hilabete behar izaten dira, gutxienez: maketatu, bezeroari zuzentzeko itzuli, berriz ekarri... Azkenean, lan bikoitza da, ez guretzat bakarrik, baita bezeroarentzat ere”. Alde horretatik, “gure lana da bezeroari pixka bat erakustea eta hura heztea, baina ez da erraza. Ulergarria da: nork bere tokian, bere datak, bere beharrak... dauzka”.
Lan handiko asteen ostean, geratzen al zaie Durangoko Azokara joateko gogorik? “Niri neuri bai. Normalean, egunen batean joaten naiz, familiarekin”. Hori bai, lanera ez. Halere, “inoiz egokitu zaigu azken orduko entregaren bat egitea. Ez da ohikoena, gure helburua dena garaiz egin eta amaitzea baita, baina noizbait gertatu izan zaigu”. Nolanahi ere, Durangoko Azoka hasteak ez du esan nahi lasaitzeko betarik dutenik: “Azokarekikoak hor bukatzen dira, baina Gabonetakoak hasten dira. Dena den, biak prestatzen batera hasten garenez, hori ere martxan daukagu”.

testi

“Garai honetako datak azkarrago betetzen zaizkit”

Lan eta lan harrapatu dugu Haritz Harreguy (Usurbil, 1974). Hitzordua ere berandu samar egin dugu, umeak lokartu osteko ordua baita onena biontzat. Azaroa amaitzen ari da, eta estudioa aspalditik dauka beteta urte amaierara begira. “Egia esan, zorte handia daukat, eta urte osoan izaten dut lana. Hala ere ere, esan daiteke Durangora begira edo, garai honetako datak azkarrago betetzen zaizkidala”. Harreguyk 2010eko urtarrilaren 7an zabaldu zuen bere estudioa (Higain estudioa), eta, harrezkero, ezin kexatu. “Zabaldu nuenetik, beti izan dut lana, eta hori polita da”.

Diskoetxeek eta musika taldeek Durangoko Azoka izaten dute begiz jota, eta garai hauetan uzta handia baino handiagoa izaten da. “Disko asko argitaratzen da urte sasoi honetan. Ziurrenik, gainerako hiletan  ez delako disko askorik saltzen, diot nik. Haiek  ere jakingo dute disko askotxo dela denbora tarte txikian, baina arrazoiak ere badira; ekonomikoak, kasu".
Diskoa ekoitzi, grabatu, argitaratu... gastuak hor dira. Eta saltzen ez bada? Lehen, diskoetatik dirua ateratzen zuten musika taldeek. Gaur egun, ordea, talde gutxi-gutxik lortzen dute hori. Dirua zuzeneko kontzertuetan dago orain, baina zuzenean jotzeko eta publikoak taldea ezagutzeko zerbait grabatua izan behar. “Zorionez, horregatik ere diskoak plazaratzen direnez, hortik bizi gara”.
Euskal Herria txikia da, eta, grabazio ohiturak aldatzen ari diren arren, ez da kexatzen. Hemengo talde batzuek etxeko estudioan edota estudio txikietan grabatzen dituzte lanak. Beste batzuk, aldiz, kanpora ateratzen dira. Dena den, Harreguyri ez zaio lanik falta.
Bertoko zein kanpoko musikariak pasa-tzen dira bere estudiotik. “Bitxia, baina azken urte eta erdian Kolonbiako hiru talde etorri dira: bat grabatzera, beste bat nahasketak egitera, eta hirugarrena ere nahasketak egitera omen dator. Harrituta nago guztiz”. Horietako batek, 1280 taldeak, hain zuzen ere, bira txikitxoa egiteko probestu zuen bidaia. “Bertoko jendearekin harremana zeukaten, Fermin Muguruzarekin, esate baterako”. Horrez gain, Pasion Vega, Loquillo edo Ilegales ere jarri izan dira Harreguyren esku finetan. “Halere, gehienbat hemengo taldeekin egiten dut lan”.  Aurten, esate baterako, La Pollaren azken diskoa, Drogasen bost diskoetatik bi (disko boskoitza argitaratu berri du Txantreako musikariak) eta Arkada Socialena grabatu berri ditu. Aurretik, Nogen eta Huntza taldeekin ere jardun du.
Diskoak grabatzeaz gain, zuzenekoak egitea ere maite du. Asko, gainera. “Eñaut Elorrietarekin hasiko naiz, egunotan, zuzenekoetan; tarteka, SArekin ere ibiltzen naiz, eta erabat disfrutatzen dut. Etxetik motibatuta ateratzen naiz gasteiztarrekin lanera noan bakoitzean. Zuzeneko oso ona dute, indartsua. Jokatu aurretik partida irabazita ateratzen naiz”.
Etxean ume bi izanda, zuzeneko musika, estudioa eta etxea uztartzea ez da beti erraza izaten, baina ordena pixka batekin posible da: “Lehen, Espainiara gehiago joaten nintzen beharrera. Orain, ordea, gertuago aritzen naiz. Gainera, ekiporik eta ez dut muntatu behar. Beraz, egin daiteke. Horrez gain, estudiotik ateratzeak ere mesede egiten dit”.

arbaso“Gaitza da urtero Euskal Dendara artisau gehiago ekartzea; hala ere, lortzen dugu”

Arbaso elkarteko Bizkaiko arduraduna da Endika Zabala Landa (Lekeitio, 1988). Gizaburuagan du lantokia, eta zura langaia. Betaurrekoak, diru-zorroak nahiz giltzatakoak egiten ditu, Mikel Abaroa lankidearekin batera. Bere ohiko zereginak erabat alboratu gabe, azken asteotan buru-belarri aritu da azokaren 24. edizioaren antolaketan.
Elkarrizketak egin, prentsaurrekoetara joan eta bileretan parte hartu. Horiek dira Endika Zabalaren zereginetako batzuk Euskal Dendaren antolaketan. Arbaso elkartean Bizkaiko ardura izateaz batera, aurten lehendakariaren ordezkoa egiten ari da: “Urtean sei bat bilera izaten ditugu dena antolatzeko. Gainera, azoka ireki aurreko egunetan, eguneroko lanak apur bat alboratu behar izaten ditut, eta tailerretik atera behar izaten dut. Postuak antolatu, dekorazioaz arduratu... hainbat gauza dago egiteko”. Arduraduna den aldetik, kexak jasotzea da gutxien gustatzen zaiona: “Askotan, norberak badu nahikoa bere kontuekin, eta, gainera, beste artisauen kexak entzun behar dira, baina tira!”.
Euskal Herriko artisautza tradizionala eta garaikidea sustatzeko elkartea da Arbaso. Durangoko Merkatu Plaza baliatzen dute eskuzko lanbideak ezagutarazteko eta merkaturatzeko baliatzen dute. 24. edizio honetarako, Larruzko lilia leloa aukeratu dute. Zabalaren hitzetan, beren erronketako bat da artisau gehiago erakartzea azokara. Horren inguruan hitz egin du: “Gaitza da urtero Euskal Dendara artisau gehiago ekartzea; hala ere, lortzen dugu. Aurten, gainera, Durangon lehen aldiz parte hartuko duten artisauen kopurua % 25ekoa da; hau da, 52tik 13. Poztekoa da”.
Bere ustez, argi dago sektorean belaunaldi berria datorrela. Dibertsitatea nabarmendu du, hainbat espezialitate izango direlako berritasunen artean:  jostailugintza, bitxigintza, ehungintza… Nobedadeen artean, hauek daude: Arabatik ordezkari bat, Bizkaitik bost, Gipuzkoatik hiru eta Nafarroatik  lau. “Kutsu eraldatzaile eta freskoa” dakarte, antolatzaileen ustez.
Zabalak zura lantzen du, Ixi wood artisau enpresan, Gizaburuagan. Kooperatiban, bazkide bi dira, Zabala bera eta Mikel Abaroa. Zurezko betaurrekoak, diru zorroak eta giltzatakoak egiten  dituzte, besteak beste. Ohituta dago azokaz azoka ibiltzera, beren lana  ezagutarazteko. Eskarmentuduna da zeregin horietan. Jakin badaki, ordea, hastapenak ez direla errazak izaten, eta horregatik nabarmendu du artisau berriei laguntzeko beharra.
Lekua dela eta, aurten buruhausteak izan dituzte. Duela zenbait aste Durangoko Udalak jakinarazi zienez, Merkatu Plazak ez zituen betetzen gutxieneko baldintzak azoka bertan egiteko. Ondorioz, baimenaren zain egon dira Arbasoko kideak azaroaren erdira arte, jakin gabe azoka bertan egin ahalko zuten ala ez. Zabalak azpimarratu du afera ez dela gaurko kontua: “Politikarien kontuak dira, eta ni ez naiz politikaria, artisaua baizik”.
Bisitarien kopuruari dagokionez, iaz goia jo zuen azokak: 33.681 lagun bertaratu ziren. “Errekorra izan zen. Aurten, ikusiko dugu. Nire aldetik, jendea animatu nahiko nuke, eta azpimarratu produktuen prezioak eskuragarriak direla”. Bestalde, azokan aukera izango da artisauen lana bertatik bertara ikusteko. Tailerrez gain, zozketak eta lehiaketak izango dira, urtero legez.