Kezkatzen al zaitu joko aretoen hedatzeak?

ikamika

Azken hiletan, nabarmen handitu da apustu eta joko aretoen gaineko kezka. Are gehiago, izugarri ugaritu dira, Euskal Herri osoan, joko aretoen hedatzearen kontrako ahotsak. Hala, auzo eta herri askotan antolatu dira kontrako taldeak, salatzeko halako aretoek, eta apustuak egiteko teknologia berriek eskaintzen dituzten erraztasunak eta kontrol gabeziak, ludopatia zabaltzen dutela. Jokoarekiko mendekotasuna lantzen duten elkarteak ere antzera mintzo dira: gero eta kasu gehiago tratatzen omen dituzte; asko, gainera, gazteen artean. Nafarroako Gobernuak berriki onartu du sei hilabetez etetea apustu, joko areto eta bingoak zabaltzeko baimenak, gaia aztertu eta araudiak egokitzeko asmoz. Tafallan ere badago kezka: oraingoz, areto bakarra dago, baina beste bat zabaltzekotan dira. Mota honetako negozioak zorrotz arautu behar direla uste al duzu? Kezkatzen al zaitu gaiak?
Tafallako AEK-ko autoikaskuntza mintza saioko B2 eta C1eko ikasleak


 1. Laura
Jokoak ludopatia sor dezakeela aurreikusi behar izango luketela uste dut; beraz, joko areto bat jarri ordez, gaixotasunik sortzen ez duen bestelako bat ireki beharko lukete.
2. Uxue
Gero eta areto gehiago jartzen ari dira, egoera larriak sortzen dituztela kontuan hartu gabe. Menpekotasun arazoak sortzen ari dira, bai helduengan, bai gazte eta adingabeengan. Edozein bazterretan ireki daitezke, eta ez luke horrela izan behar.
3. Paz
Tafallan ez ezik, edozein lekutan ere arazo sozial baten aurrean egon gaitezke. Jolasa iruditzen zaigunak jokoaren menpe bizitzera eraman gaitzake; horregatik gai honi garrantzi handiagoa eman beharko diogu.
4. Iñaki
Nire iritziz, joko aretoen hedatzea oso kaltegarria da gure herriarentzat. Gure gazteei onak ez diren ereduak helarazten dizkiete, adibidez; eta egia ez dela jakin arren, diru erraza lor daitekeela sinestarazi.
5. Marta
Joko aretoek ez dute zorrik barkatzen, horregatik jokalariek ordaintzeko adina izaten ez badute, arazo larriak izan ditzakete. Hori dela eta, ez dut joko aretorik nahi, ez Tafallan ez inon!
6. Rikardo
Nire ustez, negozio hauek jendearentzat kaltegarriak dira; beraz, zorrotz arautu behar dira. Eta bai, gaiak kezkatzen nau gero eta areto gehiago jartzen ari direlako; gainera, telefonoaren bidez edozein unetan joka dezakezu.
7. Ana
Argi dago areto hauetan apustuetarako mendekotasuna errazago sortzen dela, batez ere gazteengan; beraz, kezkatuta gaude, ez baitugu horrelako beste aretorik behar.