Irrintzia, erraietatik erraietara

erraiak

Euskaldunok tartean garen ekitaldietan, ohikoa da irrintziren bat edo beste entzutea: ospakizunetan, jai giroan...  Halere, entzuna eta ezaguna izanagatik, zer dakigu irrintziaz? Horri erantzuten saiatu da, Erraiak, arbasoen oihartzuna izeneko dokumentalean, Ekain Martinez de Lizardui irakasle eta antropologoa. Eñaut Mitxelena.

Euskal oihu berezia, zolia eta luzea, batez ere dei gisa edo alaitasun adierazpen bezala egiten dena. Halaxe du azalduta irrintzia Euskaltzaindiaren Hiztegiak. Horri gehitu ahal zaio arnasaldi bakarreko oihua dela, eta amaiera ezberdina izaten duela irrintzilariaren edota irrintziaren helburuaren arabera. Baita, inoiz irrintzirik entzun duenak sumatuko zuenez, erraietatik ateratzen den oihua dela ere. Erraietatik irten, eta erraietara garamatzana: aspaldiko bidaidea dugu euskaldunok irrintzia, zehazki noiztik ote inork jakin ez arren. Arbasoen oihartzuna da, oraindik ere bizirik dagoena.
Jakin-minak bultzatuta egin zuen Martinez de Lizarduik dokumentala. “Irrintzia jaiarekin, festarekin, pozarekin... lotzen dugu. Nire esperientzia bestelakoa izan zen: duela hamar bat urte, nire lagun min bat hil zen. Hiletan, haren amonak izugarrizko irrintzia bota zion hildako bilobari. Horrekin geratu nintzen”. Handik urte batzuetara, egun bikotekide duenak aipatu zion bera ere irrintzilaria zela. Hala piztu zitzaion, berriro, barneko harra. “Nire jakin nahia asetzeko asmoz, irrintzia ikertzen hasi nintzen, ea zer ote zegoen atzean. Denetik topatuko nuela uste nuen, baina ez nuen ezertxo ere topatu”. Hala, jakin-minetik abiatuta egindako bidaia da Arteman komunikazio agentziarekin batera ondutako Erraiak.
Erantzun bila hasi, eta galdera gehiago sortu zitzaizkion Martinez de Lizarduiri. “Gaur egun, irrintzia denok ezagutu edo entzun dugun zer edo zer da, baina denok ere usteen arabera mintzatzen gara. Irrintzilariek eurek ere ez dute jakiten erantzuten zer dagoen horren azpian” dio. Dokumentala egitean egiaztatu ahal izan duenez, munduko herri eta kultura askok dituzte antzeko oihuak: Eskandinavian, Eskozian, zenbait herri arabiarretan... “Uste dut munduko herri guztiek antzekoak dituztela, baina beste berezitasun batzuekin”. Horietako zenbait, gainera, asko ikertu izan dira. Euskaldunon irrintzia, ordea, ez. Ondorioz, irrintziaren jatorriari eta iraganari buruz mintzatzean, hipotesiak dira nagusi. Ezin bestela.
Dokumentalean, esaterako, Alizia Sturtze Mendia historialariak historiaurrean kokatzen du irrintzia: bailaratik bailarara, gizakien artean komunikatzeko balioko luke; besteak beste, ehiza garaian. Mundu sinboliko-magikoan ere funtzioa izan zezakeela uste du historialariak, ehiza erakartzeko, adibidez. Interpretazioak dira, jakina, baina bada ageriko datu bat: irrintziak zaldiaren oihua imitatzen du. Ez alferrik zaldiaren hotsari irrintzi esaten zaio euskaraz, eta ugariak dira zaldiaren irudiak historiaurreko margoetan...
Funtzioari dagokionez, historian bilakaera izan du irrintziak. Arbasoek komunikatzeko baliatu zutela uste da, dela ehizarako, dela abeltzaintzan... Gudura joan aurretik kemena hauspotzeko ere erabili izan da, edota, gaur egun bezala, poza adierazteko, batik bat. Hain zuzen, irrintzien egungo rola ere aztertu du Martinez de Lizarduik, Euskal Herriko hainbat lekutako irrintzilarien lekukotzak jasota. Irrintzilari bakoitzak irrintzia nola bizi duen jakiteko ez ezik, irrintziaren osasuna neurtzeko ere balio izan diote testigantzek. “Herri guztietan ez, agian, baina dezentetan daude”, eta gehienak emakumezkoak: “Topatu ditudanen artean, % 95 andreak dira”.  Adin tarteari dagokionez, denetik dago: zaharrak, helduak, haurrak ere bai...  Alde horretatik, “transmisioa bermatuta dagoela uste dut".
Zientziaren bideak ere aztertu ditu dokumentalak. Izan ere, Nafarroako Unibertsitatean irrintzia ikertu dute, egungo teknikak eta tresneria erabiliz. Azterketek irrintziaren zenbait berezitasun utzi dituzte agerian, eta horiek dokumentalean jaso dira.
Urtebete igaro da dokumentala aurkeztu zutenetik. Ordutik, 45 emanaldi inguru egin dituzte, 30 bat herritan. Guztira, gutxi gorabehera 3.500 lagunek ikusi dute. “Oso-oso harrera ona izan du” dio Martinez de Lizarduik. Aurrerantzean ere dokumentala erakusten jarraitzeko asmoa duenez, eskaini nahi dutenek erraiak.com gunera jo dezakete, bertan topatuko baitituzte harremanetan jartzeko moduak. Nork daki, emanaldiek bide berriak zabalduko dituzte, beharbada: “Dokumental hau beste ikerketa batzuen hasiera izan daiteke. Irrintziak hor ditugu, baina, agian, ez diegu gehiegi erreparatu, eta asko du ikertzeko mundu interesgarri honek".

Irrintzilariak saretzen

Dokumentala egiten hasi zenean, Martinez Lizarduik kezka bera jaso zuen irrintzilari gehienen ahotik: “Beti esaten zidaten ez dagoela irrintzilarien topagunerik”. Irrintzilari asko ezagutu dituenez, erronka egin zion bere buruari: “Esker ona agertzeko edo, ea irrintzilarien sarea eratzen dudan. Urrats batzuk egin, behintzat, gero haiek bidea egin dezaten”. “Pixkanaka” bada ere, ari da horretan. Hortaz, irrintzilarien sare horretan egon nahi duenak Martinez Lizarduirekin harremanetan jarri besterik ez du egin behar, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzita.