OSORIK DA!

durango

Horixe da, aurten, Azokaren leloa. Bertako osagai guztiak batzen dituen ekosistemaz ari da, askotarikoak direlako han biltzen diren pertsonak, sormen lanak eta ekimenak. Baten bat aipatzearren, ostegun goizekoa: Euskal Herri osoko milaka ikasle, haientzat propio prestatutako tailerretan (kaligrafia, soinu efektuak zinemagintzan, liburu baten edizioa...). Bestalde, abenduaren 6an jakingo da nor den edizio honetako Sormen Bekaren irabazlea. Musika proiektu batek jasoko du 15.000 euroko txekea, egitasmoa gauzatu eta 2020ko Azokan aurkezteko. Urtero bezala, euskal sortzaile ezagun ugarik aurkeztuko dituzte lan berriak, bai literatura bai musika arlokoak. Halaber, lehen lana kaleratu duten egile asko ere bertan izango dira, baita beren lanak ekoitzi dituzten 14 autore ere. Guztira, 240 erakusmahai handi eta 24 txiki, 200 kultur ekitaldi baino gehiago eta 405 berritasun. Ezinezkoa da hemen proportziorik txikiena ere aipatzea. Onena, beraz, bertaratzea! Informazio gehiago,www.durangokoazoka.eus atarian.

Azokan zer?

IRUDIENEA
Batetik, memoria historikoa bi aurre-estreinalditan: Apaiz-kartzela, frankismoan kartzelan egondako apaizei buruzko dokumentala; eta Ez, eskerrik asko. Gladysen Leihoa, borroka antinuklearraren gainekoa. Bestetik, mundu digitala: hiru websail aurkeztuko dira, eta youtuber bat egongo da. Gainera, film laburrak, umeentzako pelikulak...

SZENATOKIA
Durangoko San Agustin aretoko gunean, Kukai dantza taldeak Erritu ikuskizuna eskainiko du. Bestalde, Dantza eta Antzerki Laburren Jaialdia antolatu da aurrenekoz: larunbatean eta igandean, 10 konpainiak 30 emanaldi eskainiko dituzte aretoko hainbat lekutan. Emanaldi gehienak umorezkoak izango dira; eta sarrera, debalde.

AHOTSENEA
Zuzenekoen karpan, kontzertuak etengabe. 50 talde baino gehiago, ezagunak (Zea Mays, Skakeitan, Xabi Bandini, Willis Drummond, Revolta Permanent, Oreka Tx, La Basu, Iker Lauroba…) eta sortu berriak. Eta estilo ugari: ska, pop, trap, hip-hop, trikitia… Solasaldien gunean, berriz, autore ezagunak eta hasiberriak beren liburuak aurkezten: Bernardo Atxaga, Unai Elorriaga, Karmele Jaio, Kirmen Uribe, Miren Amuriza, Amets Arzallus, Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano...

ARETO NAGUSIA
Bertan, Euskal Herriko erakunde, eragile eta mugimendu sozial ugari batuko dira, nork bere azken proiektu edo ikerketak aurkezteko. Besteak beste, UEU, Ernai, Labayru, EHU, Elkar, Nabarralde, Argia, Brixton, Txertoa, Loraldia, Lemuria, Bizkaiko Museoak, Tartean Teatroa... Bestalde, Euskadi Literatur Sarien inguruko mahai-ingurua eta dokumentategien erronkak aztertuko dituen solasaldia egongo dira.

SAGUGANBARA
Familien gunean, ipuin eta liburuen aurkezpenak izango dira nagusi. Autoekoizpenak izango dira asko, baina bestelakoak ere egongo dira: umeentzako esperimentuak, bideo-jokoak, ikuskizunak... Areto bi egongo dira, azken urteotan bezala: batean aurkezpenak eta bestean tailerrak.

KABI@
Domo batean egongo da mundu digitalaren plaza. Bertan, arlo digitalean euskaraz sortutako azken nobedadeak: bideo-jokoak, Wikipedia eta Txikipediarekin lotutako jarduerak, Egunean behin aplikazioaren aurkezpena... Azken egunean, kontzertu berezia: Mauriziak ez du inor hil, Ines Osinagaren eta Lorea Argarateren eskutik.

Bartolome Ertzilla Musika Eskola

Azken urteotan, Azoka handitzen ari da, eta Durangon zehar eremu gehiago zabaltzeko ahaleginetan dabil ekimen erraldoi hau antolatzen duen Gerediaga elkartea. Aurten, adibidez, beste bat zabalduko dute Bartolome Ertzilla Musika Eskolan. Landako Gunearen atzealdean dago, minutu bira oinez. Espazio berri honetan antolatuko dira inaugurazio ekitaldia, Gogoetaren Plaza (lehendabiziko aldiz, ez da Areto Nagusian egongo) eta DA! PRO egitasmoa.
Inaugurazio ekitaldia abenduaren 5ean egingo da, 19:00etan. Kepa Errasti aktoreak bideratuko du Oparitarako izeneko ekitaldia. Musika Eskolako bandako kideak ere bertan izango dira.
Gogoetaren Plaza ere Musika Eskolan antolatuko da. Argia aldizkaria arduratu da hura kudeatzeaz, 100. urteurrena duela eta. Abenduaren 6an eta 7an, gai hauek jorratuko dira: lizentzia libreak hedabideetan, euskal prentsaren egoera, euskal kulturgintzaren profesionalizazioa eta euskara integrazio hizkuntza gisa. Hainbat hizlari izango dira bertan: Danele Sarriugarte, Miren Narbaiza, Gotzon Barandiaran, Elixabete Garmendia, Josu Landa, Maite Mutuberria, Jurgi Ekiza...
Lehenengo aldiz, halaber, Durangoko Azokak Euskal Herriko programatzaile eta musikaren arloko sortzaile eta profesionalen arteko topaketa antolatu du, Musika Bulegoarekin elkarlanean: DA! PRO egitasmoa Azokako lehen egunean egingo da, goizean.

Plateruena Kafe Antzokia

Aurten ere, Plateruena izango da kontzertu handien plaza. Lehenengo egunean, Arabako ska doinuak izango dira protagonista, En Tol Sarmiento taldeak Aukera berriak  diskoa aurkeztuko baitu zuzenean. Bigarren egunean, berriz, banda berri batek hartuko du lekukoa: Pello Reparazen Zetak proiektua, musika elektronikoa. Abenduaren 7an, Arkada Social taldearen txanda helduko da. Arrasatearrek beren lan berria, No retorno, aurkeztuko dute Durangon, betiko rock, punk eta oi doinuei eutsita. Azken egunean edukiko da kontzerturik lasaiena, Maider Zabalegiren zuzenekoaz gozatzeko aukera edukiko baitute ikusleek.
Gaueko kontzertuez gain, ordea, goizez ere izango da zer ikusia eta zer entzuna Kafe Antzokian. Izan ere, bertan burutuko da ostegun goizean, 11:00etan eta 12:00etan, Euskal musikaren transmisioa izeneko tailerra, betiko euskal kanten eta garaikideen trasmisioa helburu duen kontzertua. Aurrez izena eman duten ikastetxeek hartuko dute parte.
Eta hurrengo hiru goizetan, 12etatik aurrera, Hautsi bolumena ekitaldia ikusi eta entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek, bideoklipen zuzeneko saioa, alegia.
Kontzertuez, tailerrez eta bideoklipez gain gain, Plateruena Kafe Antzokiak mokadutxoa edo trago bat hartzeko aukera ere eskaintzen die gerturatzen direnei. Parada polita izan daiteke Azokan bizi izandakoa komentatzeko, giroaz gozatzen jarraitu bitartean.

Euskal Denda Azoka Plazan

Euskal Herriko Artisauen Arbaso Elkarteak aurten ere irekiko du artisautza azoka, ohikoa duen legez, Durangoko Azoka Plazan. Euskal Dendak 24. edizioa beteko du aurten, eta zabalik egongo da abenduaren 5etik 8ra, goizeko 11:00etatik 14:30era eta arratsaldeko 16:30etik 21:00etara (igandean, 20:00etan itxiko dute).

ARGITALPENAK

Kafe Antzokian
Ruper Ordorika
Elkar
2018ko abenduaren 15ean eta 16an Bilboko Kafe Antzokian eskainitako kontzertuen emaitza zaindua biltzen du lan honek. Kafe Antzokia inauguratu zenetik, oñatiarrak urtero eskaini izan du bertan kontzertua, abenduan. Bada, erritual jendetsuaren esentzia dakarkigu berriz ere kantariak. Hamalau kantu bildu ditu zuzeneko hirugarren album honetan.


Harria
Iñaki Palacios, Mulixka Dantza Taldea eta Iñaki Perurena
Baga-Biga
Ikuskizun batetik sortutako disko hau Iñaki Palacios txistulariak Mulixka Dantza Taldearekin eta Iñaki Perurena harri-jasotzailearekin prestatu du. Txistuaren gainean eraiki dira, oro har, melodien eta kantuen garapenak, baina badira beste bi osagai garrantzitsu ere: harrizko txalaparta eta trikitia. Perurenak harriarekin izan dituen bizipenak poesia musikatuan azaltzen dira.

Sentipenak askatu
Yogurinha Borova
Gor
Bihotz Gorospek eta Mikel Inunek konposatutako abesti honen bost bertsio erabat desberdinak biltzen ditu CD honek. Dibertsitate afektiboaren afera haurren mundura hurbildu nahian, sentimendu bakar bat azaleratzeko hamaika era daudela adierazi nahi izan dute horrela, baita hamaika direla bertsio hauek entzun ditzaketen belarriak ere.


Zugzwang
Willis Drummond
Tabula Rasa
Gaur egungo gai sozialei buruz duten iritzia azaldu dute taldekideek disko honetan. Horregatik hitz egiten dute abestietan klima larrialdiaz, krisi ekonomikoaz, langileen egoeraz, emazteen borrokaz, Katalunian gertatzen ari denaz, txaleko horien mugimenduaz, kultur globalizazioaz, kolektiboaren galeraz, indibidualismoaren indartzeaz...

Atopia RPG
Etzi Portu Maritimoa
Euskarazko lehen rol jokoa iaz lortutako Sormen Bekari esker kaleratu da. Jokatzeko, orri batzuk, arkatz bat, irudimena eta lagunak baino ez dira behar. Inoiz galdetu al diozu zeure buruari zergatik den Euskal Herria den modukoa? Entzun al duzu inoiz hipotesi guztiak zabalik daudela? Konspirazio teoria guztiek dute balizko arrazoia Euskal Herri garaikidearen bertsio alternatibo honetan...

AIZU! 442. zk.
AEK
Zenbaki honen azalean, Pello Reparaz musikaria da protagonista. Bada, Zetak taldearen disko bat zozkatuko da AEKren erakusmahaian igande eguerdian (abenduak 8), eta Reparazek berak aterako du zenbaki saritua Azokan aldizkaria erosi edota harpidetza egiten dutenen artean. AEKren erakusmahaia Goienkaleko 79.  zenbakian egongo da. Zorte on!

Biok/Bittor eta biok
Gontzal Mendibil
Tori Produkzioak + Ediciones Beta
Diskoa eta saio-narrazio liburua plazaratu ditu Mendibilek. Lagun zuen Bittor Kapanaga idazle euskaltzalea zendu zen gauean hasten da kontaketa, bien arteko solasaldia balitz bezala. Bagare kanta ezagunaren hitzak idatzi zituen Kapanaga Euskal Sokrates, Druida, Profeta, Aztia... ezizenez bataiatu zuten euskal kulturgile askok.

Geltokiak izarretara
Jabier Muguruza eta Bernardo Atxaga
Mara-mara Liburuak
Euskal musikaren ondarea aldarrikatu nahi izan du Muguruzak 1980-2000 urteen arteko 15 kantaren bertsioak eginda: Mikel Laboa, Iñaki Eizmendi, Xabier Lete, Anari, Benito Lertxundi… Jazz estiloan landuta, melodia lasaiak nagusitu dira, gitarrak eta pianoak lagunduta. Bernardo Atxagak idatzi du liburuaren testua, ordenarik gabeko alfabeto batean oinarrituta.

Miren eta erromantizismoa
Ramon Saizarbitoria
Erein
Ikasgelara mutil marokoar bat iritsi da. Said mutil azkar, atsegin eta ederra da, eta bigarren batxilergoko neska guztien begiradak harentzat dira, baina Klarak bereganatu du mutila. Mirenek ere atsegin du Said, pertsona sentibera iruditzen zaiolako, eta horixe estimatzen du berak, Klararen konbentzionalismo klasista eta arrazistatik urrun.

Etxeak eta hilobiak
Bernardo Atxaga
Pamiela
Etengabeko mugimenduan dabiltza hemen protagonistak, narrazioan sartu eta atera: txikitan bat izandako anaia bikiak, Frantziara frantses ikastaro bat egitera joan eta mutu itzulitako nerabea, astero Baionako psikiatrarengana joaten den ingeniaria, sindikatu baten aldizkarian diharduen emakume gaztea, ospitaletik alde egin nahi duen neskatoa…

Emakumeak
Eduardo Galeano
Itzultzailea: Mikel Vilches Plaza
Txalaparta
Emakumeak dira kontakizun bilduma honen muina. Batetik, jarduera publikoa egin duten emakumeak daude liburuan, Rosa Luxemburg, Rigoberta Menchu eta Frida Kahlo, esaterako; bestetik, mundu osoko hainbat emakume ezezagunen iraultzak eta balentriak. Ahanztura gainditzeko konjuruarekin, kolektiboaren aldarria egiten da.

Miñan
Ibrahima Balde eta Amets Arzallus Antia
Susa
Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da nobela hau, hark ahoz eta Arzallus Antiak hitzez idatzia. Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean anaia gaztea desagertu eta haren bila abiatu zen arte: basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia eta bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea eta mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea.