Lopidan, ur landareak beren bidera

lopidan

Gasteiz ondoko urmael batean, landare inbaditzaile bat antzeman dute:  uretako azeri buztana edo ur miriofiloa. Lopidako herritar batek ikusi zuen, duela urtebete. Ordutik, URA Uraren Euskal Agentzia landarea kontrolpean izateko lanean ari da. Otsailean, jute tapaki batzuekin estali zuten kaltetutako ingurua; teknika horrek emaitza onak eman ditu orain arte. Edonola ere, ingurua etengabe ikuskatzen ari da URA, landarea Zadorra ibaira heldu den ikusteko. Jon Rejado.

Urak beren bidera etortzen ari dira Lopidako iparraldeko urmaelean. Edo, hobe esanda, landaredia bere bidera etortzen ari da inguru horretan: ur dilista izeneko landareak guztiz estali du putzua, eta urari kolore berde bizia eman dio. Urtetan izan da horrela, iaz izan ezik. 2018ko abenduan, herritar batek alarma hotsa eman zuen: ezagutzen ez zuen landare bat ugaritzen ari zen putzuan. Uraren Euskal Agentzia hara joan, eta landare inbaditzailea zela baieztatu zuen: uretako azeri buztana edo ur miriofiloa (myriophyllum aquaticum). Harrezkero, landarea kontrolpean izateko lanean ari da.
Zorionez, landarea urmael batean agertu da; irteera txiki bat baino ez du, eta urak ia ezin du bertatik atera” azaldu digu Roberto Marchiaro Uraren Agentziako Obra, Lehengoratze eta Eremu Publikoko Zaintza Sailaren arduradunak. Urmaelaren ezaugarri horrek landarearen zaintza erraztu du. Edonola ere, etengabe ari dira ingurua gainbegiratzen. Izan ere, Zadorrako urtegietako uhateak irekitzen dituztenean, urak  Lopida inguruko lurrak hartu ohi ditu, eta horrek landarea zabaltzeko arriskua handitzen du. “Ezin dugu jakin gehiago zabaldu ote den, horregatik zaindu behar dugu ingurua etengabe” dio Marchiarok. 
Arturo Aginako Lopidako Administrazio Batzarraren presidenteak jarri zuen jakinaren gainean URA. Aginakok landare ezezagun bat ikusi zuen urmaelean; are gehiago, gero eta leku gehiago hartzen ari zela antzeman zuen. “Errepidetik bertatik ikusten zen, burua okertuz gero”. Hasieran, ongarrien erabilerari egotzi zioten landarearen hazkundea, baita inguruan egon ohi diren abereei ere; espezie inbaditzailea zela ikusi zutenean, lanean hasi ziren.
Landarea, manta azpian
Lopidan agertu den landarea Amazonaseko berezko landarea da, baina ur geza eta geldoa duen edozein ekosistematan ezar daiteke: aintziretan, urmaeletan, ubideetan, korronte mantsoko ibaietan…  Uraren Euskal Agentzia aurtengo otsailean hasi zen lanean ur miriofiloari aurre egiteko. Lanak egin bitartean, herriarekin harremana izan du, lanen nondik norakoak azaltzeko. “Bertara joatea ere eskaini ziguten, nola egiten duten lan ikus genezan” diosku Arturo Aginakok.  
Uraren Agentziak hasieratik baztertu zuen gai kimikoak baliatzea, landarea ur ekosistema batean dagoelako. Halaber, mekanikoki erauztea saihestu zuen. Azkenean, landareak hartzen zuen eremua manta batekin estaltzea, eta eskuz egitea, erabaki zuen. Estalkia koko zuntzez egina dago, eta bi funtzio ditu: batetik, landareak zapaltzea; eta, bestetik, eguzkiak eman ez diezaiela bermatzea. Hori eginez, landarea poliki-poliki hiltzeko helburua dutela azaldu du Roberto Marchiarok. 
URAko mantentze zerbitzurako kontrataren ordezkari Ihalar Zubeldiak nabarmendu du hasieran landarea kontrolpean izateko helburua zutela. “Lehenik eta behin, landarea kontrolpean izan behar dugu,  guztiz erauztea oso zaila baita; aldagai asko daude tartean”. Zubeldiak ohartarazi du uretako azeri buztana erraz zabaltzen dela, baldin eta landare zatiak askatzen badira; hau da, uretako miriofiloa modu “begetatiboan” zabal daiteke: landarea apurtzen bada, eta urek zati bat eramaten badute, zati horrek erroak bota ditzake, eta horrela landarea zabaldu egin daiteke. Horrexegatik baztertu zuten mekanikoki kentzea.
Estalkia jarri zutenetik, lau aldiz joan dira Lopidako urmaelera landarearen bilakaera ikustera. Zubeldiaren esanetan, emaitzak onak izan dira. Hala eta guztiz ere, landareak bidea aurkitu du estalkiaren zati txiki batzuetan: manta urratu den tokietan, ondo estali ez zirenetan… “Kasu horietan, eskuz kendu ditugu agertu diren apur horiek. Sustraiak ikusgarriak dira: lurretik gora dagoen beste horrenbeste dago lurpean, gutxienez”. Ale horiek eskuz kentzeaz gain, jute manta gehiagorekin estali dituzte apurtutako zatiak.
Pertsona batek eramanda
Uretako azeri buztana beste kontinente bateko berezko landarea izanda, nola heldu zen Arabako Lautadara? URAko adituen ustez, pertsona baten jokabide ezegokiak ahalbidetu du landare hori landa eremuan agertzea. Uretako miriofiloa apaingarri gisara erabili ohi da, batez ere akuarioetan. Lopidako urmaela errepidearen ondoan dago, eta, adituen iritziz, litekeena da pertsona bat bertara joan izana akuarioa hustera. Halaber, azaldu dute landare horrek ekosisteman eragin dezakeela kaltea, baina ez hornikuntzan.
Myriophyllum aquaticum kontrolpean badago ere, Uraren Agentziari ez zaio lanik falta. Beste landare inbaditzaile batzuk mugatzen saiatzen ari da, batez ere Kantauri isurialdean: fallopia japonica, cortaderia selloana… Roberto Marchiarok dio teknika berriak aztertzen ari direla landare bakoitzaren ezaugarrietara hobeto egokitzeko: mekanikoki erauztea, ingurua luberritzea, azkarrago haz daitekeen tokiko landaredia ereitea… “Lan eskerga eskatzen dute teknika horiek, baina egokienak dira etorkizunera begira”. Horietan aurrera egin bitartean, ematen du Lopida inguruan ur landareak beren bidera itzultzen ari direla, alegia, uretako miriofiloa desagertzen eta ur dilista ur azala berdez margotzen.