”Mundu globalizatu honetan, gero eta bereziago egiten gaitu euskarak”

reparaz

Vendetta taldearekin hamar urtean bost disko kaleratu eta kontzertu piloa eman ondoren, baita atzerrian ere, Zetak talde berriarekin dator Pello Reparaz (Arbizu, 1990). Izen bereko diskoan, hamar kanta, musika elektronikoa. Gorka Pastor, Iban Larreburu eta Leire Colomo ditu lagun proiektu honetan. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Zer da Zetak?
Hainbat diziplina batzen dituen proiektu artistikoa, oso irekia, ez da musika talde hutsa. Harago joan nahi dugu, eta horregatik ditugu arte zuzendaria, estilista… Sare sozialak kudeatu eta marketin estrategiak sortzerakoan, gauzak ezberdin egitea planteatzen diogu geure buruari. Hori da proiektuaren sormenezko asmoa: ezberdinak izatea eta horretaz harro sentitzea. Gauzak era ezberdinean egiteko asmoa dugunez, Instagram bidezko marketin kanpaina batekin hasi ginen; jarraian, Errepidean bideoklipa atera genuen, ikus-entzunezkoei garrantzi handia ematen diegulako; gero, bigarren bideoklipa, Pater Noster; eta, ondoren, 3Dz diseinatutako bodegoi moduko bideo batzuk Youtuben, Nirekin topatu naiz kantarekin hasita. Horrez gain, zuzeneko kontzertua eskaini genuen, Hernaniko Oialumen, diskoa aurkeztu aurretik. Murgiltze esperientzia berezia planteatu genien etorri ziren mila zale ingururi, haririk gabeko kaskoekin eta. Horren guztiaren ondoren heldu da diskoa, Zetak ez dugulako planteatzen ohiko musika talde baten moduan.
Indiara joan omen zinen proiektu berria osatzera, zergatik hain urruti?
Hara joan nintzen abestiak idaztera, bakarrik egotera, bidaiatzera… Ni herrikoa naiz, Arbizun jaio nintzen eta han bizi izan naiz beti, baina, modu batera edo bestera, musika elektronikoak eraman ninduen bestelako imajinario batzuk ikertzera. Indian estimulu piloa aurkituko nuelakoan, hara jo nuen abestiak idazteko. Oso esperientzia aberasgarria izan zen, eta disko honetan bada bidaia horren kutsu handia. Halere, hitz guztiak ez nituen han idatzi. Adibidez, hara joaterako idatzia zen lehen singleko Errepidean kanta, baina han erabaki nituen hazia eta hitzek izan behar zuten forma. Gero, han erabakitako ildo horretatik jo dut besteak idaztean, hemen, Bartzelonan edo Madrilen egon naizenean.
Sexua, erlijioa… oso presente daude abestien hitzetan. Kezkatzen zaituzten gaiak dira?
Hainbat abestitan jorratzen dira, bai, baina ez ditut bi gaitzat hartzen. Sexuaz naturaltasunez eta esplizituki hitz egitean, eta aldi berean imajinario erlijiosoa geure egin eta erabiltzean, talka txikia sortzen da, oso interesgarria, kolpea ematen zaiolako Elizak eta erlijioak izan dezaketen nagusitasun moral eta etikoari.
Gai politikoak ere ez dituzu baztertu izan orain arte. Pentsatzen duzuna azaltzeko bidea da musika zuretzat?
Barruan ditudan hainbat gauza kanalizatzeko erabili izan dut, bai. Berez bizi dut nahiko bizitza politizatua, nahi eta nahi ez. Politikarekin eta gai sozialekin harreman estua izan dut beti, agian Arbizun jaio nintzelako eta bizitzea tokatu zaidan errealitatea estuki lotuta dagoelako hainbat gertakarirekin. Nik naturalki bizi dut hori, beraz, batzuetan politika, edo etika eta morala, jorratu izan ditut abestietan. Horrekin ez dut esan nahi ezinbestekoa denik musika sortzean gai horiei heltzea, baina nik hortik jo izan dut gehienetan, gorputzak horrela eskatzen didalako.
Londresen zabiltza azkenaldian, masterrak eta beste egiten. Zer ikasi duzu han?
Asko ikasi dut neure buruaz. Nork bere burua hobeto ezagutze hori topiko samarra den arren, esaldi hori bera errepikatuko nuke. Londresen bakarrik egoteak, eta egun oso-osoa sormenari eskaintzeak, nire izaeraren beste bertsio bat erakutsi dit. Eta abestigintzan egindako masterrean, gaur egun niretzat ezinbestekoa den formakuntza jaso dut, aurretik horrela izango zenik uste ez banuen ere. Egia da Erresuma Batua beti izan dela erreferentea musikaren arloan, baina ustekabe ikaragarria hartu dut esperientzia horrek sortze lanean nola aldatu nauen ikusita, eta nola lagundu didan ikuspegi globalagoa eskuratzen eta sormen intentzioa definitzen.
Orain diskoa aurkezteko bira dator?
Bai, diskoa aurkeztu ondorengo aurreneko kontzertua Durangoko Plateruenan izango da, abenduaren 6an. Zetaken kontzertuak oso bereziak izatea nahi dugu, oso zainduak. Ez da ohiko bira izango: kantitatea baino, kalitatea izango dugu  kontuan, zerbait berezia sortzeko asmoz. Urtarrilean, Iruñeko Zentral Antzokian izango gara, eta gero Madrilen; otsailean, Bilbon; martxoan, Gasteizen; apirilean, Donostian...
Musika industriak garai latzak bizi dituela entzuten da, baina ez da zure kasua...
Nik esaldi hori entzun izan dut musikaren munduan hasi nintzenetik, 17 urterekin, eta orain berriz entzuten ari naiz. Egia esan, musikaren krisi horretan bizitzea tokatu izan zait beti, eta ez dudanez ezagutu euskal talde batek hamabost mila disko saltzen zituen garai hori, ezin dut alderatu. Lan egitea tokatu izan zait beti, buru-belarri, jai eta aste, bizia eman diot musikari. Egia esan, pozik nago mundu honek lanerako eskaintzen didan aukerarekin.
Baduzu eskarmentua talde berriak abiatzen. Zer gomendatuko zenieke lehen urratsak egiten ari diren taldeei?
Ondo dago erreferentziak izatea eta musika asko entzutea, baina gero eta mundu globalizatuago honetan, gero eta bereziago egiten gaitu euskarak. Munduan 700.000 lagunek bakarrik ezagutzen duten hizkuntza batean abesteak jende askorengandik bereizten zaitu. Horrek interes handia pizten du. Niri Londresen asko galdetzen didate, eta interes handia dute nire proiektuen gainean, hizkuntzak jakin-mina sortzen dielako. Mundu globalizatu honetan, beraz, euskara faktore bereizgarri oso interesgarria da. Bestalde, komeni da argi edukitzea zer ekarpen egin nahi duzun esparru horretan. Halaber, abesti onak idazten saiatzea, sentiarazi nahi duzun hori sentiarazteko galderak egitea zeure buruari, eta helburu batekin sortzea.
Ekoizle ere aritzen zara...
Bai, atera berri diren Xabi Bandiniren eta ETSren diskoak ekoitzi ditut. Oso interesgarria iruditzen zait ekoizpenaren arloa, eta sakondu nahiko nuke etorkizunean. Niretik ateratzen laguntzen dit, beste artista batzuekin elkar ulertzen, eta pila bat ikasten dut. Asko ikasi dut bai Xabi Bandinirengandik bai Iñigo Etxezarretarengandik, eta erronka polita da niretzat beste proiektu eta artista batzuei nire kanpoko ikuspegia eskaintzen saiatzea.
Euskaldunok kontsumitzen al dugu euskal kultura behar beste?
Nik nahi nuke askoz gehiago kontsumitzea, baina nahiko baikorra naiz. Izan ere, zailtasunak ditugu, estimulu asko datorkigulako beste unibertso batzuetatik. Ulergarria da, beraz, kontzientzia hori ez duen jendeak beste joera bat izatea bestelako kulturak kontsumitzeko. Hala ere, esango nuke ez dugula nahikoa kontsumitzen. Hor erronka polita dugu euskaldunok.
Vendettak gaztelaniaz abesten zuen gehienbat, eta Zetak guztiz euskalduna izango da. Zein da bilakaera horren arrazoia?
Nafarroa, ni nafarra naiz, oso herri aberats eta dibertsoa. Vendettako kideok errealitate ezberdinak bizi izan genituenez, emaitza ere halakoa zen. Zetaken hazia, berriz, nigandik atera da gehiago, eta horregatik jo du proiektuak erabat euskalduna izatera, modu naturalean. Baina aitortu behar dut nire militante kontzientzian hobeto sentitzen ere laguntzen didala. Ez dut esan nahi euskal artistok ardura bat sentitu behar dugunik, edo mugak jarri behar dizkiogunik gure sormenari, baina nik, agian neurri batean, sentitzen dut ardura hori, eta harro ere sentitzen naiz horregatik. Orain, euskaraz idazten ari naiz dena, eta oso pozik nago, oso betea sentitzen naizelako sortzaile eta arbizuar naizen aldetik.
Orduan, merezi du euskara ikastea...
Bai, hizkuntza bakoitza mundua ikusteko modu berezi bat da, beste prisma bat. Euskal herritarrok mundua hizkuntza oso berezi honen prismatik ezagutu eta ulertzeko aukera dugu. Oso aukera polita da, erdaraz hitz egiten duen norbaitentzat, erabat ezberdina den prisma bat eskuratzea, ate bat irekitzea, eta ohartzea ate hori irekitakoan beste asko ere irekitzen direla. Nik, adibidez, musika euskaraz egin dut, horretan dihardut orain, bestelako proiektuak ere sortu ditut euskaraz, euskarak aukera eman dit telebistan Euskalonski saioa egin eta munduan zehar jende piloa ezagutzeko... Hainbeste gauza on eman dizkit hizkuntza honek, eta euskara ikastea erabaki duen jendeari hainbeste gauza on eman dizkiola ikusi dut... Aukera ezin hobe hori baloratzen dakien jendeak ustekabe ikaragarri ona jasoko du, euskara ikasten badu. ­

Kolkotik  
Zer da musika zuretzat?
Nire bizitza, dena daukat horren inguruan.
Ikusi duzun kontzerturik onena?
Macklemore, Budapesten, aurten.
Eta jotzen, non pasatu duzu ondoen?
Bursan (Turkia) jo genuen jaialdi batean, Vendettarekin.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?
Autodeterminazio erreferenduma egingo dela.
Zerk ematen dizu amorrua?
Bostekoa itzultzen ez didatenean, eskua luzatuta geratzeak.
Eta beldurra?
Nire sormena itzaltzeak.
Zein kontzertu ikusi ez izanak ematen dizu pena?
Kortaturen Azken guda dantza. Umea nintzen eta ez nituen ezagutzen.
Non bilatzen duzu inspirazioa?
Egunean 10 ordu egiten dut lan; bada, hortxe.
Nori edo zeri ez zenioke inoiz kanturik eskainiko?
Ez diot mugarik jartzen nire sormenari.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan?
Arbizuko txistorra eta Juananeko gazta.
Igande euritsu baterako planik onena?
Joseba Ezkurdiaren (laguna du) final bat ikustera joatea frontoira.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Bateria jo, kristoren ostiak eman!
Agertokira igo aurreko maniaren bat?
Besarkadak ematen dizkiet taldekideei. Lagunez inguratuta nago, zorionez.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Musikaria.
Musikaria ez bazina, zer?
Irakaslea. Aritu nintzen, utzi behar izan nuen arte, baina grina eta ilusioa baditut oraindik.
Musika erreferenterik?
Asko! Sting, adibidez.
Larunbat gauerako planik onena?
Lagun arteko afaria.
Zerk hunkitzen zaitu?
Gazte euskaldunak sortzen ikusteak. Jaso ikastolako musikalak, adibidez.
Norekin partekatu nahiko zenuke agertokia?
The Blaze bikotearekin.
Nola, eta non, gustatzen zaizu musika entzutea?
Autoan, eta ezin ozenago!
Zer da arrakasta zuretzat?
Ohera sartu eta lasai lo egitea.
Bi hitzetan, nolakoa da Pello Reparaz?
Oso langilea. Lana da nire bizitza, onerako eta txarrerako. Lan asko egiten dut, gehiegi.