Gisaengchung (Parasite)

parasite

Zuzendaria: Bong Joon-ho. Gidoia: Kim Dae-Hwan, Bong Joon-ho, Jin Won Han. Aktoreak: Song Kang-ho, Lee Seon-gyun, Jang Hye-jin, Cho Yeo-jeong, Choi Woo-sik. Hego Korea, 2019.

Istorioa: Ki-taek eta bere familiako kideak lanik gabe daude. Lagun baten gomendioa tarteko, Ki-woo semea ingeles eskola partikularrak ematen hasiko zaio familia dirudun bateko alabari. Hortik aurrera, ustez mundu oso ezberdinetakoak diren bi familien bizitzak gurutzatu egingo dira.
Sariak: Aurtengo Canneseko Zinemaldian faboritoen artean ipini zuten, eta aurreikuspenak ondo baino hobeto bete zituen: film onenari ematen zaion Urrezko Palma eskuratu zuen, nahiz eta lehiakide gogorrak izan.
Onena: Drama, umore beltzez zipriztindutako komedia, salaketa (edo azterketa?) soziala... generoak abilezia handiz nahasten ditu Joon-hok, entretenimenduari uko egin gabe, bizkarroiez beteriko askoz ur sakonagoetan murgiltzen gaituen bitartean. Espazioaren erabilera bikaina eginez klase mailaketan gora eta behera, bizi dugun eta bizi gaituen gizarte kapitalistaren disekzio zorrotz eta bihurria egiten du, basa, baina finezia handikoa.
Eñaut Mitxelena