Buruko gaitzak jorratuko ditu Ados Teatroaren lan berriak

ikusgarri

Igel euria izeneko antzezlana estreinatuko du Ados Teatroak, Acronica Producciones-ekin elkarlanean, abenduaren 13an, Antsoainen. Buruko gaitzak dituztenen errealitatea agertuko du lanak, halako bat diagnostikatuta duen eta bere buruaz beste egitear den protagonistaren bizitzari erreparatuta. Hala, gaitzaren prozesua erakutsiko du performancearen hurbileko antzerki hizkuntza darabilen lanak.  Garbi Losadak zuzendu du Losadak berak, Mikel Bernuesek eta Jose Antonio Vitoriak idatzitako lana. Ados Teatroak aldez aurretik gaixotasun mentalen gainean egindako lanketa du oinarri: iaz, Derechos humanos a escena izeneko egitasmoaren baitan, buruko gaitza duten hainbat lagunekin sormen laborategia egin zuten, eta eritasunok sortzen duten estigma soziala ardatz antzezlan bat ondu. Haren arrakasta ikusita, gai eta material berak baliatu dituzte Igel euria sortzeko. Aktoreei dagokienez, Lierni Fresnedo, Mila Espiga, Isidoro Fernandez, Tomas Vitoria eta Sandro Iaboni izango dira oholtza gainean. Estreinaldiaren ostean, 2020an ikusi ahal izango da lana: otsailaren 9an, Hondarribian; 14an, Andoainen; 15 eta 16an, Donostian; martxoaren 13an, Beasainen; 21ean, Getxon; 25ean, Eibarren; eta apirilaren 24an, Elorrion.


ihesaldiaIHESALDIA izeneko telesaila estreinatuko du abenduan ETBk. Pausokak eta ETBk elkarrekin ekoitzia, Jabi Elortegik zuzendu du benetako gertakarietan oinarritutako telesaila: 1976an Basauriko kartzelako bost presok egindako ihesaldi saiakera izango du kontagai. Aktore lanetan ariko dira, besteak beste, Iñigo Aranbarri, Xabi Perurena, Xabi Jabato Lopez, Aitor Borobia, Jon Ander Alonso, Aitor Beltran, Nerea Gorriti, Miren Arrieta eta Paco Revueltas. Guztira, bost atal izango ditu, eta ETB1en ikusi ahal izango da. Horrenbestez, aspaldiko partez ETB1en ikusi ahal izango den helduentzako lehen telesaila izango da. Izan ere, alor horretan, azken urteotan gaztetxoentzako Go!azen eta bi websail besterik ez du eskaini euskarazko telebista kate publikoak.

LABURREAN

MAIRU Antzerki Tailerrak antolatuta, hiru antzezlan izango dira ikusgai XV. Keinu Leihoak antzerki zikloan, Lesakan: abenduaren 6an, Harriondoa kultur etxean, Xanti Agirrezabalaren Satiro; hilaren 8an, leku berean, Erika Olaizolaren Panpina; eta hilaren 15ean, Arranon, Eneritz Artetxeren Uretako ipuinak haurrentzako ikuskizuna. Lehen bi emanaldiak 18:00etan izango dira, eta azkena 15:30ean.

ABENDUAREN 6tik 15era, BBK Mendi Film 12. Nazioarteko Mendiko Zinemaldiak 60 pelikula eskainiko ditu, Bilboko hainbat gunetan. Gehienak Sail Ofizialean eskainiko dituzte, eta gutxi batzuk Zabalandi sailean. Euskarazko lanak ere izango dira ikusgai; tartean, Dimegaz Kultur Elkartearen Harria Herria eta Lexeia Larrañagaren Natura Bizia. Mendi Short egile amateurrentzako film laburren lehiaketan ere euskarazko 4 lanek hartuko dute parte. Egitarau osoa mendifilmfestival.com atarian ikus daiteke.

ZABALIK DA Kafe Bar Bilbaok Tartean teatroaren laguntzarekin antolatzen duen Teatro Laburreko Gidoien 17. Lehiaketa. Izenak ongi azaltzen duen moduan, kafe teatrorako edo formatu txikiko antzezlanetarako gidoiak aurkez daitezke lehiaketan, euskarazko eta gaztelaniazko ataletan. Irabazleak 800 euroko saria jasoko du, eta lan sarituak argitaratuak izango dira, hala paperean nola Kafe Bar Bilbaoren webgunean. Lehiaketa ezagunaren arau guztiak http://bilbao-cafebar.com gunean eskura daitezke.