Heldutasun marka

dutAt
Dut
Esan Ozenki, 1996

Seguru asko, iruzkin hau argitaratzen denerako kalean egongo da Dut taldeari buruzko liburua, Pablo Salgado Mendezek idatzia eta Banizu Nizuke argitaletxeak plazaratua. Taldea nostalgiaz eta maitasunez gogoratzen duten zale ugarien artean, lurrikara txikia sortu du albisteak, eta pentsatzekoa da datozen hiletan Dut berriro izango dutela hizpide haien ohiko solasaldi eta eztabaidetan. 1994an Underribi izeneko bilduma hartan lehenengo aldiz agertu zirenean, askoren begietara proposamen berritzaile, fresko eta indartsua izan zen hondarribiarrena, eta 1995ean uste hori berretsi zuten bakarkako lehen diskoarekin. Baina, nire ustez, At honekin erdietsi zuten heldutasuna: boskote barik hirukote izanik, soinu pisutsuagoa lortu zuten, ilunagoa, baxu zapalgarri batekin eta gitarra zorrotz batekin, eta estiloaren aldetik, berriz, garai hartan batzuek destainaz txandal metal izendatzen zutenetik aldendu,  eta berariazko nortasuna erakutsi zuten.
Gotzon Hermosilla