Nork irabaziko du Bertsolari Txapelketa Nagusia?

IKA-MIKA

Pixkanaka-pixkanaka, saioz saio, kanporaketaz kanporaketa, final handirantz gerturatzen ari da 2013ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Abenduaren 15ean, Barakaldoko BECeko finalean, zortzi bertsolari izango dira lehian: 2009ko txapeldun Maialen Lujanbio eta beste zazpi. Zazpi horien izenak azaroaren amaieran ezagutuko dira, finalaurrekoak jokatu ostean. Hau da, aldizkaria inprentara bidean denerako, oraindik ez dira jakingo nortzuk arituko diren finalean. Haatik, eta euskaldunon apustuzale ospeari eutsi nahian, txapelduna igartzeko eskatu diegu Baionako Narbaitz gau-eskolako ikasleei. Hori bai, buruak ez ezik, bihotzak ere erantzun dezala: nork irabaziko du 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia? Eta nork irabaztea nahiko zenuke?
AEK Baionako Gau-Eskolako C1 mailako taldea

 

1. Mark Bayle

Nahi nuke irabazlea Iparraldekoa izatea, ala emaztea, ala Iparraldeko emaztea. Amets Arzallusek irabaziko du nire ustez, Iparraldekoa delako eta, ororen gainetik, Korrika iristean protagonismo paregabea izan zuelako.

2. Txomin Durquet

Txapelduna Lujanbio izanen da, bere bizitza osoa bertsoari buruz itzulia delako. Ohiko formak eta berriak berdin moldatuz, zahar eta gazteek ber plazera hartzen dute. Lujanbiok errana elkarrizketa batean: “Euskara NIRE NIA da”. Nire ustez, bertsolaritza ere HAREN NIA da.

3. Peio Irazu

Egia erran, ez dakit gauza handirik bertso lehiaketei buruz, baina gauza bat badakit: nire auzoko ordezkaria, Amets, sustengatzen dudala. Segur aski, bertso ahantzezinak botako ditu, Griezmannek golak sartzen dituen bezalaxe.

4. Ani Bacho

Maialenena historikoa izan zen 2009an, ahantzezina. Aurten nork irabaziko duen? Ideiarik ez! Nork irabaztea nahi nukeen? Ez dakit! Halere, irabazleak zein galtzaileak miresten ditut, ororen buru euskara ala herria baitira irabazle. Gure izaera hizkuntzan datza.

5. Fanny Daniel

Ametsek irabaziko du, 'mendeku' hartzeko gai delako eta Lujanbiok, zoritxarrez, presio handia izanen duelako. Halere, nahi nuke Alaiak irabaztea, lehen aldiz dagoelako Txapelketa Nagusian. Emazteen arteko final historikoa litzateke: Maialen eta Alaia.

6. Miren Barrutia

Aurten ere, Maialenek aukera handiak ditu txapeldun izateko, bertsolaritzako gai guztiak ondo menperatzen dituelako, baina Ametsek irabaztea nahiago nuke. Nire iritziz, bertso hunkigarriak botatzen ditu, bere ahots eta doinuekin.