Zea Mays taldeak ‘Atera’ lana eman du argitara

zea

Hamargarren diskoa plazaratu berri du Zea Mays taldeak: Atera. “Material solidoa”, Gorka Urbizuk aurkezpenean idatzitakoaren arabera. Lanaren ekoizpenerako, Carles Campón Campi (Vetusta Morla, Jorge Drexler, Natalia Lafourcade...) produktorearen laguntza izan dute bilbotarrek, eta nahasketa Hector Castillok (Bowie, Björk, Rufus Wainwright...) egin du, New Yorken. Andoaingo Garate estudioan grabatu zuten hamaika kantaz osatutako diskoa, eta orain jendaurrera ateratzea tokatzen da. Hala egingo dute hemendik aurrera eskainiko dituzten kontzertuetan: Bilboko Kafe Antzokian, abenduaren 20an; Iruñeko Zentral Kafe Antzokian, urtarrilaren 25ean; Donostiako Dabadaban, otsailaren 8an; 15ean, Gasteizko Jimmy Jazzen; eta 21ean, Uztaritzeko Hartzaro festibalean. Martxoan, berriz, 14an joko dute Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Haatik, Euskal Herritik kanpo ere aterako dira tarte horretan: Paris, Amsterdam, Berlin, Valladolid, Salamanca, Madril...


sarmientoEN TOL SARMIENTO taldeak kalean ditu bere seigarren diskoa (Aukera berriak, Baga-Biga) eta izen bereko kantaren bideoklipa. Aurreko lana (Ametsetan, 2017) argitaratzearekin batera iragarri zuten kideek itxi egingo zutela taldearen lehen hamabi urteko zikloa, eta halaxe egin zuten. Bi urtera argitaratu dute lan berria, eta, Baga-Biga diskoetxeak jakinarazi duenez, disko berria “serioa, exijentzia handikoa, modernoa eta konbentzigarria da, aurrekoak baino landuagoa. Abestiek bizimodu berriak marraztera gonbidatzen dituzte entzuleak, bide berrietan murgiltzera”. Iñigo Etxezarretak (ahotsa eta gitarra), Ruben Campinunek (baxua), Floren Diazek (bateria), Ruben Terrerosek (tronpeta) eta Javier Lucasek (tronboia) Pello Reparaz izan dute lagun ekoizpen lanetan.

 

 

 

iraganaIRAGANA
Hemendik At!
Gor, 2019

Orain eta Etorkizuna diskoen ondotik, Iragana falta zen. Horrela izendatu dute Hemendik At! taldeko kide ohiek haien abesti arrakastatsuenak jasotzen dituen bilduma. Kanta esanguratsuenak biltzean, taldeak Gor diskoetxearekin 1998. eta 2002. urteen artean kaleratutako beste zenbait abesti ere gehitu ditu, egun aurkitzeko zailak direnak: euskararen aldeko festetarako sortutako abestiak, beste zenbait talderekin egindako kolaborazioak, haien abesti garrantzitsuenen karaoke bertsioak edota zuzeneko bertsio bat.

anfeANFETAMIÑA
Muga
Gaztelupeko Hotsak, 2019

Xabier Montoiaren Anfetamiña poema liburuari musika jartzeko sortutako proiektuan, Itziar Beristain (ahotsa), Iñigo Romera (baxua), Iñigo Egillor (bateria), Alberto Gonzalez (gitarra, teklatuak eta ahotsa) eta J.A. Areta Juxe argazkilaria dira partaide. Taldearen lehen lanak hainbat ildotako zortzi abesti biltzen ditu: rock alternatiboko aleak, eragin velvetiarrak dituztenak, une popzaleak eta pasarte anbientalak. Halaber, Fermin Muguruzak ahotsa jarri dio Batzuentzat poemari, zeinetan Montoiak zioen historia hasi zela David Bowiek ilea moztu zuenean.