Kabitu ezina

kabituAintzane Usandizaga
Elkar, 2019

Aintzane Usandizaga Lopezek ederki asmatu du bere lehen liburuaren izenburuarekin, ia inon eta ia inorekin kabitzeko ezintasun deseroso horretan bizi diren pertsonaiak sortu baititu zortzi istorio txikietako bakoitzerako.
Kabitu ezina bera bezain deserosoak dira ipuinek dakartzaten egoerak, eta, oro har, erraza da irakurlea ataka horretan nola jokatuko ote lukeen pentsatzen jartzea: zer egin lagun batek zaintzeko utzi dizun txakurra lapurtuko balizute; zer esan okindegikoari opilen antolaketarekin zeharo obsesionaturik egongo balitz; nola jokatu labezomorro ziztrin batek zure maitasun istorio paregabea izorratuko balizu; nola egingo zenuke alde lan elkarrizketa estresagarri edota tamalgarri batetik, edo bitik; nola egingo zenioke iskin betiko kuadrillari, inori minik egin gabe, zure burua harengandik mila kilometrora dagoenean; zer egingo zenuke bikotekidea arrain urdin bati esker baino ezingo bazenu jasan…
Surrealista samarrak eman dezakete egoerok, eta izan badira haietako batzuk, baina badute, zeinek bere erara, errealitatetik asko. Izan ere, egoerak edota uneak edota solaskideak gorabehera, pertsonok bat-batean hartzen gaituzten sentipenak unibertsalak dira: deserosotasuna, asperdura, harridura, kezka, amorrua, axolagabekeria… eta bai, ezintasuna ere bai, edo ez al zara inoiz lekuz kanpo sentitu, egoerari aurre egin ezinik?  
 Usoa Alberdi Fernández