Pello Lizarralde

lizarraldeEne Jesus. Ramon Saizarbitoria.
Askok uste dugu Saizarbitoriak ekarri zuela modernitatea gure literaturara. Bera da, nire ustez, gure idazlerik hoberena, eta ia bere edozein liburu aukera nezakeen. Hala ere, hona ekarri dudan hau bereziki estimatzen dut, egileak koska bat estutu eta bere lanik erradikalena egin zuelako. Hala, Europan zabaltzen ari zen literatura mota bikain baten ildoari jarraitu zion.
Santutegia. William Faulkner.
Zaila izaten da nik liburuak berriz irakurtzea, baina Faulknerren batzuk bizpahiru aldiz hartu ditut. Santutegia izan zen irakurri nion lehenengoa, eta ez da txarrena hasteko. Haren edozein liburu irakurtzeak esperientzia paregabea dakar. Ez die konbentzio narratiboei jarraitzen, eta, ahalegintzea eskatzen duen arren, saria ere handia izaten da.
Parranda. Eduardo Blanco Amor.
Hasieratik antzematen da hondamenera goazela. Haluzinaziotik, eldarniotik, hain hurbil dagoen bidaia hau betiko geratzen da. Irakurri ondoren Ourense hiriburuko alde zaharrera joaten bazara, protagonisten ibilbidea (Ruta da Esmorga) egin ahal izango duzu, markatua baitago.