Alzheimer digitala

Informazioaren gizartean bizi omen gara, gure ekonomiaren balio handienetakoa informazioa ei da. Baina badirudi arazo larriak ditugula gure balio hori, informazioa, gorde eta denboran mantentzeko edukiontziekin.
Alde batetik, informazioa gordetzeko euskarriak etengabe aldatzen ari dira, teknologiaren aurrerapenak eta zaharkitze programatuak bultzatuta. 14 urteko iloba jaio zeneko bideoak, ‘MiniDV’ zintetan txukun-txukun gordeak, fosil teknologikoak dira gaur egun, eta gero eta zailagoa da zinta horiek irakurri edo beste formatu batera pasatzeko gailurik aurkitzea...
Hori gutxi balitz bezala, joan den mende amaierako euskarri magnetikoak beren bizitzaren bukaerara iristen ari dira. VHS bideo zintak, musika kaseteak, disketeak... haien guztien oinarri teknikoa bera da: xafla mehe-mehe bat, eta haren gainean magnetikoki eralda daitekeen material bat. Bai xafla bai material magnetikoa pixkanaka-pixkanaka urratuz doaz denborarekin. Bideoteka batzuetan, adibidez, arazo larriak izaten ari dira aspaldiko bideo zintak digitalizatzeko:  erreproduzigailu batean sartu orduko, asko eta asko apurtu egiten dira denborak eragindako higaduraren ondorioz. Puskatzen ez diren kasuetan ere, sarri ez du merezi digitalizatzeko lana hartzea, hain da handia grabatutako irudiek denborarekin duten kalitate galera.
Hona hemen ohartarazpen bat, beraz: etxean euskarri magnetikoan gordetako zerbait (bideo grabazioa, zuen gurasoek kasete batean grabatutako maketa hura, disketeetan gordetako datuak) baldin baduzue, saiatu ahalik eta lasterren beste formatu batera pasatzen, laster fisikoki ezinezkoa izango duzue eta. Duela urte gutxi batzuetako oroitzapen digitalak laster galduko dira betiko, Alzheimer digitala bagenu bezala.
Ederra paradoxa, ezta? Ustezko informazioaren gizartean, 30-40 urteren buruan erabat galtzen zaigu informazioa... eta, bitartean, hortxe ditugu duela ehunka urteko liburu, eskuizkribu, hieroglifikoak eta abarrak, fresko-fresko eta edonork irakurtzeko moduan, kable arraroen beharrik gabe!

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/agurVHS
Gaztezulo aldizkariko albiste honen arabera, 2016an itxi zen VHS bideo erreproduzigailuak egiten zituen azken lantegia. Zaindu etxean duzuna, zure zintak berreskuratu nahi badituzu!

https://labur.eus/kaseteak
Nik aspaldi bota nituen etxean nituen kasete zaharrak... baina haiek digitalizatzeko tresnen bila ere ibili nintzen, eta aurkikuntzak blogean partekatu nituen.

https://labur.eus/betamax
Luze aztertzeko beste kontu bat formatuen arteko lehia da. Berriak, 2016an, Betamax bideo formatuaren heriotzaren berri eman zigun.