‘Zut’, gazteentzako aplikazioa

zut

Gazteentzat propio sortu dute Zut aldizkari-aplikazioa Gaztezulok eta zenbait tokiko hedabide batzen dituen ADM taldeak. Eskuko telefonoetan kontsumitzeko prestatua, aplikazio bidez eskura daiteke: sakelakoan doako aplikazioa instalatu ostean, zenbaki bakoitza deskargatu egin behar da. Hamabostean behin gehituko dizkiote edukiak, denak ere gazteen kontsumo ohituretara egokituak. Hala, gehienak ikus-entzunezkoak izango dira, eta formatu bertikalekoak. Sare sozialak ere baliatuko ditu edukiak zabaltzeko eta erabiltzaileekin interakzioa sustatzeko. Izan ere, gazteen parte hartzea bultzatuko du Zut-ek, ezinbesteko osagaia delakoan. Android eta iOS sistema eragileetarako prestatua, Apple dendan edo Google Play-n eskura daiteke (www.zut.eus ataritik ere jo daiteke bi denda horietara). Jada eskuragarri dagoen lehen zenbakiak, gainera, beste berritasun bat dakar: IXA euskarazko serie aplikazioa ikusteko aukera. Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategian garatua, aplikazio bidez sakelakoetan ikusteko telesaila da IXA; kasu honetan, Zut-en bidez.


 

moreaIPARRAGIRRE Rock Elkarteak Musika Gida Morea (www.musikagidamorea.eus) sortu du, emakume musikariak dituzten taldeei buruzko informazioa jasotzeko datu base digitala. Modu horretan, emakumezko musikariei ikusgarritasuna emateaz gain, kontzertu antolatzaileei tresna erabilgarria eskaini nahi zaie, informazio edo erreferentziarik eza ez dezaten aitzakia izan oholtzetan emakumezkoen gabezia justifikatzeko. Hain justu, Iparragirre elkarteak berak egindako autokritikaren emaitza da Musika Gida Morea: urteroko programazioan emakumez osatutako taldeak bermatzea helburu izan arren, askotan ez dutela betetzen ikusita, gaiari buruz gogoeta egin ostean sortu dute. Informazioa bistaratzeko hainbat aukera ematen ditu gidak: taldearen izenaren, ordena alfabetikoaren edota taldeek duten emakume kopuruaren arabera egin daitezke bilaketak. Gainera, talde bakoitzaren musika estiloari, taldekide kopuruari eta jatorriari buruzko informazioa ere jasotzen du, baita talde bakoitzaren musikaren deskribapen laburra ere. Talde edo musikariekin harremanetan jartzeko bideak ere eskaintzen ditu. Erabiltzaileek ere osa dezakete gida: bertan ageri diren taldeei buruzko informazio gehigarria edota ageri ez diren taldeen gaineko informazioa gehi dezakete, webgunean izena eman ostean.

LABURREAN

fmBERRIA FM izeneko podcast feminista egiten hasi da Berria kazeta. Maider Galardi kazetariak zuzendua eta aurkeztua, hamabostean behin sareratuko dute, www.berria.eus atarian. Ivoox, Spotify, Apple Podcasts eta Google Podcasts plataformetan ere izango da entzungai. Feminismoarekin lotutako gaiak jorratuko dituzte, hainbat ataletan: elkarrizketa nagusia eta laburra, Beatriz Egizabal eta Intza Alkain aktoreek egindako umorezko atala, analisia...  Berriak sortzen duen hirugarren podcasta da, Kirmen Uribe idazleak eta Ane Irazabal kazetariak podcast bana baitute lehendik.


telegram2018/2019 ikasturtean zenbait hilabetez etenda eduki ostean, ikasturte honetan berriro hasi gara AIZU!ren Galde debalde? ataleko edukiak sareratzen, AEKren Telegram kanalean. Ez da hain fazila gehigarriaren atala da Galde debalde?, euskarari buruzko zalantzak argitzeko: irakurleek beren zalantzak bidali, eta AEK-ko hizkuntz adituek argitzen dituzte. Urriaren hasieratik, asteazkenero paratzen ditugu eduki horiek Telegramen, telegram.me/AEKeus helbidean, hain zuzen.