Zsabo Magda

olasagarreJuanjo Olasagarre

Hungariarrek abizena esaten dute lehenengo, eta gero izena. Gutxi ezagutzen nuen nik literatura hungariarraz: XIX. mendera arte ez zela normaldu; Sandor Marai, laurogeita hamarreko hamarkada hasieran Espainian puri-purian izan zen idazlea; En brazos de la mujer madura, Stephen Vizinczeyena; eta ezer gutxi gehiago.
Onartu beharko dut horretan ere angloak kolonizaturik nagoela, eta errazago irakurtzen ditudala Britainia Handitik eta AEBetatik datozkidan nobela eta saioak.
Duela gutxi, Magda Zsabo aurkitu dut, ustekabean. Katalin Kalea erori zitzaidan eskuetan, eta, hortik aurrera, beste nobela bi irakurri dizkiot, Atea eta Izaren Balada, eta izugarri gustatu zaizkit. Hemen ere mintzatua naiz, behin baino gehiagotan, idazle berri bat aurkitzeak eragiten duen plazerari buruz, baina Zsabok izugarrizko zirrara eragin dit, Katalin Kalea une egokian erori zitzaidalako eskuetan, ezustean, gainera.
Europako juduen patu hitsaren gaineko nobela arrunt eta topikoz betea izan zitekeena, fantasma bizien istorio zoragarria bilakatu du idazleak, hil eta bizien arteko jokoaren bidez Hungariaren XX. mendeko historiari errepasoa eginda. Esan bezala, juduen deportazioak ageri dira, Bigarren Mundu Gerraren bukaera, komunismoaren etorrera eta purgak, Mendebaldera ihes egitea, baina ez nuke esanen errealismoari dagozkion ezaugarriak ageri direnik nobela honetan, ez da historia-freskoa.
Historiak pertsonaien gainean duen pisu itzela ez dago kontatua, pertsonaien baitan utzitako tristezia arrastoetan iradokia baizik. Zeharkako begirada horrek historia fantasma-erako bilakatzen du; ez, ordea, arinagoa.
Nobela irakurtzea kostatu egin zait, dosi txikitan irakurri behar izan dut, pertsonaien patuekin bat eginik larritasuna eragiten zidalako eta, hartara, neure eguna tristatzen zidalako. Ez zait pasatu David Vannen Sukkan Irla nobela irakurri nuenetik. Oraingoan, ez naiz joan komunera oka egitera, baina arratsalde bat baino gehiago ilundu dit Zsabo Magdak. Ederki ilundu ere.