Martxa ez da amaitu

pentsiodunak

Pentsio duinen aldeko martxa ez zen urriaren 16an bukatu Madrilen, pentsionistek beren eskaerak Espainiako Kongresuan erregistratu zituztenean. Ez daude amore emateko prest eta, promesen garaia bukatu dela iritzita, xedeak bete arte jarraitzeko asmoa azaldu dute. Horretarako, manifestazioak deitu dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, azaroaren 16an; abendurako, elkarretaratzeak Nafarroako Parlamentuaren eta Eusko Legebiltzarraren aurrean; eta ekimen handia urtarrilaren bigarren hamabostaldian, mobilizazioak hasi zituztela bi urte beteko direnean. Ekimen handi hori greba orokorrerako deialdi bihurtu da, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren eskutik. Data oraindik zehazteke, bizitza erdigunean jarriko duen eredua aldarrikatu nahi dute, non aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa eta eskubideen unibertsaltasuna izango diren ardatz nagusiak. Sekulako lezioa eman dute orain arte pentsionistek. Heldu da denok martxan jartzeko tenorea.