UEMA

arnasa‘Arnasa gara’, euskararen arnasguneen garrantziaz jabetzeko kanpaina

Arnasguneek euskararako eta Euskal Herrirako duten garrantzia nabarmentzeko eta herritarrak horretaz jabetzeko, Arnasa gara kanpaina ipini du martxan UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Euskal Herriko beste zenbait erakunderekin batera. Ekimenak bi fase ditu, eta hiru osagai nagusi: komunikazio kanpaina bat, herrietan egingo diren aurkezpen ekitaldiak eta Kartzela izeneko websaila. Lehenengo fasea martxan da dagoeneko, eta arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatzea du helburu, ekimena azaltzen duen komunikazio kanpainaren eta Hiru Damatxo ideia faktoriak egindako Kartzela sail digitalaren bidez. Bigarren fasean, ostera, kanpaina Euskal Herri osora zabalduko da. Kanpainaren berri www.arnasagara.eus gunean jaso daiteke. Arnasguneak, oro har, euskararen ezagutza eta erabilera % 80 ingurukoa duten guneak dira (herriak, auzoak...). Ehunekoez harago, baina, beste zenbait ezaugarri dituzte: bizilagunen lehen hizkuntza euskara izatea, euskaraz bizitzea erabat naturala izatea, hizkuntza belaunaldiz belaunaldi transmititzea... Soziolinguisten arabera, euskara indarberritzeko prozesuan bereziki garrantzitsuak dira; besteak beste, arnasguneetako herritarrek erakusten dutelako posible dela euskaraz bizitzea bizitzako esparru guztietan, hizkuntza bera eraberritzen dutelako, modu naturalean, hitz eta esamolde berriak sortuz, eta, gainerako euskaldunekin euskaraz egiteko joerari eusten diotenez, euskara ohiturak hedatzeko ahalmen handia dutelako. Nolanahi ere, arnasgune gehienak herri txikiak direnez, aldaketa soziolinguistiko eta demografikoek eragin handia izaten dute haietan. Ezaugarri horiez guztiez jabetzeko balio ahal izango du Arnasa Gara kanpainak!