Bitxikeria

uharteaMundu osoan gaixotasun hilgarri bat hedatuko balitz, nora jo?

Pandemia arriskutsu bat munduan barreiatu da, eta arrisku bizian ipini du gizateria. Nora egin ihes? Bada, fikziozko lanetan nahiko arrunta den egoera horri erantzuten saiatu da aditu talde bat. Eta erantzuna topatu diote: halako egoeran, bizirik irauteko aukera gehien uharteek izango lukete, betiere kontinenteetatik ahalik eta urrunen egonez gero. Risk Analysis aldizkarian argitaratutako azterketaren arabera, herrialderik seguruenek baldintza hauek bete beharko lituzkete: kontinenteetatik urrutiko irlak izatea; beste herrialdeekin mugarik ez edukitzea; gutxienez, 250.000 biztanle izatea; energia sortzeko gutxieneko azpiegiturak, eta zientzia eta teknologia garapen maila minimoa edukitzea; natur baliabideak izatea; eta egonkortasun politiko eta soziala edukitzea. Baldintza horiek aintzat hartuta, azterketaren egileen ustez, hiru lirateke herrialderik seguruenak: Australia, Zeelanda Berria eta Islandia. Horien ondoren, Japonia, Barbados, Kuba, Fiji eta Jamaika. Alabaina, horiek guztiek badute eragozpenen bat edo beste: garapen teknologiko maila eskasa, biztanle gehiegi, kontinenteetatik gertuegi daude... Euskaldunok, aldiz, jai genuke, ikusita Euskal Herriko uharteak zein txikiak diren...