Euskara

Nafarroatik, albiste onik ez

Euskara hizpide izan da Nafarroan iragan berri den urrian, eta ez euskaldunon onerako, preseski. Urriaren 1ean eta 2an, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bi epai eman zituen 103/2017 Foru Dekretuari buruz. Aurreko Nafarroako Gobernuak onartutako dekretu horrek euskararen erabilera arautzen zuen lurraldeko administrazio eta erakunde publikoetan. UGT, SPA, Satse eta Sindikatu Medikuak dekretuari ipinitako salaketaz mintzo dira bi epaiak, eta, funtsean, Foru Dekretua edukiz hustu dute. Ondorioz, eremu mistoko eta eremu ez-euskalduneko deialdi publikoetan euskara merezimendutzat jotzeari utzi beharko zaio. Gainera, “inposiziotzat” jo dute aipatu foru xedapenaren beste puntu bat: eremu misto edo ez-euskalduneko seinaleak ele bitan idazteko derrigortasuna. Epaiaren ostean, euskalgintza kexu agertu zen, baita aurreko Nafarroako Gobernua osatu zuten alderdiak ere. Hala, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak deituta, bilkura ere egin zuten iragan urriaren 19an, Iruñean. Hori gutxi ez, eta handik egun gutxira Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen ez diola helegiterik jarriko epaiari, nahiz eta osatzen duten alderdien artean helegitearen aldeko iritziak nagusitu. Alabaina, azkenean, PSNren irizpidea gailendu da Gobernuaren erabakian. Ondorioz, euskaldunon hizkuntz eskubideek zapalduta jarraituko dute, Nafarroa zonalde linguistikoetan zatitzen jarraitzen duen Euskararen Legea dela eta.