Zientzia

saguzarSaguzarrak egokiak dira izurriteei aurre egiteko

Funtsik gabekoa izan arren, fama txarra dute, oro har, saguzarrek. Alabaina, nekazaritzan eta basogintzan izurriteen kontra eraginkorrak dira, oso. Halaxe frogatu dute EHUko Jokabide Ekologia eta Eboluzioa Saguzarretan ikerketa taldeak berriki argitaratutako bi ikerketek. Batetik, Arabako Errioxako mahasti eremuko saguzarren gorotzak aztertuta, 55 izurri espezieren arrastoak zituztela ikusi dute. Espezie horietatik 25 “laborantzarako garrantzitsuak” izan daitezkeela diote ikertzaileek. Bestetik, Iberiar penintsulako hainbat baso eremutan egindako beste ikerketan, batez ere pinuak, izeiak eta zedroak kaltetzen dituen pinu-beldarra izan dute aztergai. Hamar saguzar espezieren dieta aztertu dute ikerketa horretan, haien gorotz laginak, zehazki. Kasu horretan, 7 espeziek pinu-beldarrak jaten dituztela egiaztatu dute. Emaitzak ezagututa, saguzarrek izurriteak erregulatzeko betetzen duten rola nabarmendu dute ikertzaileek. Era berean, ikerketok izurriteei aurre egiteko bide berriak zabaltzen dituzte; ingurumenerako onuragarriak, gainera. Izan ere, produktu kimiko gutxiago erabiltzea ahalbide dezakete (produktu kimikoak, zuzenean edo zeharka, ingurumenerako kaltegarriak dira). Horretarako, jakina, saguzarrak kontserbatzeko neurriak hartu beharko lirateke.