Errefuxiatuak

aitamariItsasoan da Aita Mari ontzia

Zenbait hilez Pasaiako portuan geldi egon ostean, urriaren erdialdean itsasoratu ahal izan zuen Aita Mari ontziak. Lerrook idaztean, Mediterraneoan zen, Greziara bidean, herrialde hartan diren errefuxiatuei laguntza humanitarioa eramateko. Uztailetik geldirik egon da Aita Mari Pasaiako portuan. Lehenik, konponketa batzuk egiteko porturatu zuten. Alta, konponketak egin ostean ere, geldirik jarraitu zuen, ez zuelako Espainiako Gobernuaren baimenik. Abuztutik egon da baimenaren zain, SMH Itsas Laguntza Humanitario gobernuz kanpoko erakundeak salatu zuenez. Azkenean, Espainiako Gobernuak baimena eman dio, baina ez erreskateak egiteko, baizik eta soilik laguntza humanitarioa emateko. Horrenbestez, zazpi tona materialekin abiatu zen Grezia aldera: negurako arropa eta oinetakoak, kanpin dendak... Urtebete baino gehixeago darama egoera horretan Aita Marik. Atunontzi izandako ontzia salbamendurako egokitu zutenetik, erreskateak egiteko baimenik ez du jaso Espainiako Gobernuaren partetik. Oztopo horien aurrean, jarduna laguntza humanitariora bideratu du, eta halaxe jarraitu beharko du oraingoz, nahiz eta, SMHkoek salatu dutenez, nazioarteko arauen kontrakoa izan itsasoan erreskateak debekatzea.