Australia

peterPeter Norman estatua batekin oroituko da

1968an Mexikon jokaturiko Olinpiar Jokoek une gogoangarri ugari utzi zituzten, munduko marka ugari, kasu. Halere, ziurrenik, 200 metroko lasterketako podiumean ikusi zen denen artean oroituena: AEBetako himnoa entzuten zen bitartean, Tommie Smith eta John Carlos AEBetako atleta beltzak, lasterketako lehena eta hirugarrena, eskularru beltzez jantzitako ukabila altxatuta eta burua makurtuta, beren herrialdeko arraza segregazioa salatzeko eta black power-a (botere beltza) aldarrikatzeko. Haien alboan, lasterkari zuri bat zegoen, lasterketako bigarrena, hain zuzen: Peter Norman australiarra, lehiakideen protesta elkartasunez babestu zuena OPHR-ren (The Olympic Project for Human Rights, AEBtako nahiz kirol munduko arraza segregazioa salatzen zuen elkartea) pegatina bat paparrean jarrita. Keinu hura larrutik ordainarazi zieten hiru kirolariei, beren kirol ibilbideak hondoratuz eta nor bere sorterrian erabat baztertuz. Normanen kasuan, adibidez, ez zuten gehiago Olinpiar Jokoetara eraman. Are gehiago, 2000. urtean Sydneyko Olinpiar Jokoak egin zirenean, guztiz “ahaztu” zuten antolatzaileek. Bazterketa hark luze iraun zuen, eta Norman hil ostean (2006) hasi ziren, Australian, haren keinua balioesten eta atleta behar bezala omentzen. Hala, aurrerantzean oroigarri finkoa izango du Melbournen. Izan ere, Victoria Estatuko administrazioak korrikalariaren omenezko estatua bat ipini du aipatu hiriko Lakeside Stadium delakoaren parean. Berandu dator omenaldia, baina jazotakoa ez ahazteko balio izango du, hiru kirolari haien keinuaren esanahia gogoan.