Osasuna

drugsKokaina arrastoak ugaritu egin dira Europako hondakin uretan

Azken urteetan, kokaina kontsumoa handitu egin da Europan. Hori dio, behintzat, ikertzaile talde batek, 2011tik 2017ra Europako hondakin uretan agertutako droga arrastoak neurtu ostean. Nazioarteko 71 ikertzailek egin dute ikerketa, eta Addiction aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Zehazki, Europako 37 herrialdetako 120 hiritako hondakin urak aztertu dituzte, droga arrastoak topatu nahian. Aztertutako eremuak 60 bat milioi biztanle barneratzen ditu. Emaitzek erakutsi dutenez, Anberes (Belgika), Amsterdam (Herbehereak), Zurich (Suitza), Londres (Erresuma Batua) eta Bartzelonan (Katalunia) kontsumitzen dira droga gehien. Droga motari dagokionez, aldeak daude Europako herrialdeen artean. Europako hegoaldean eta mendebaldean, kokaina ageri da gehien hondakin uretan; zehazki Suitzan, Espainian, Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan. Gainera, ikertutako denbora tartean kokainaren kontsumoa nabarmen hazi dela erakutsi dute hondakin uretan jasotako aztarnek. Belgikan eta Herbehereetan, berriz, kokaina eta anfetamina dira gehien kontsumitzen direnak. Metanfetaminari dagokionez, Europako ekialdeko herrialdeetan ageri da batez ere, Eslovakia, Txekiar Errepublika eta Alemaniako ekialdean, non beste drogak baino gehiago kontsumitzen duten; gainera, Europako iparraldera eta erdialdera zabaltzen ari da. MDMA drogaren kasuan, ez dute inon arrasto nabarmenik topatu. Alabaina, haren kontsumoa ere hazi  egin ei da.