Bai Euskarari saria jaso du Mertxe Mugikak

mertxeHamahiru urtez AEKren koordinatzaile nagusia izan denak Bai Euskarari saria jaso du, ABB Niessen enpresarekin eta Bordatxo jatetxearekin batera, “euskarari eta euskararen unibertsoari argia, energia eta indarra emateagatik”. Sariak banatzen dituen Bai Euskarari elkartearen aburuz, “euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi dugunontzat erreferente dira sarituak”. Mugikak AEKide guztiekin partekatu nahi izan du saria, haiei esker izan omen duelako euskarari argia emateko aukera: “Egunak joan eta egunak etorri, izpiz izpi euskara eta euskararen unibertsoa argiz betetzen saiatzen direlako. Izan eskoletan, izan erabilera areagotzeko egitasmoetan, edota bi urtean behin Euskal Herriko bazterrak korrika batean argitzen”. Halaber, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa, hizkuntzaren erabilera, sektorea normalizatzeko beharrezko baliabideak eta eragileen arteko elkarlana aldarrikatu ditu Mugikak esker ona adierazteko hitzaldian.