Bezeroak lortzeko orduan sariek asko laguntzen dute

julenJulen Arburua
Artzaina eta gaztagilea

Ordiziako Ardi Latxa Gazta Txapelketa irabazi duen gaztagilerik gazteena da Arburua (Lekaroz, 1991), Lekarozko Orabidea auzoko Kortariko Borda baserrikoa bera. Bi urtez jarraian eskuratu du txapel preziatua: 2018an eta 2019an. Beste hainbat sari eta domina entzutetsu ere irabazi ditu urteotan, hala Euskal Herrian nola atzerrian. Duela bost urte hasi zen gazta ekoizten Kortariko gaztandegian (www.kortarikogasna.com). Ardi eta behi gazta artisau erara egiten du, gurasoen eta anaiaren laguntzarekin.

Pozik txapelekin?
Oso pozik. Duela 5 urte hasi ginen honetan, eta beti nahi izaten duzu bizitzan, noizbait, horrelako marka bat lortu. Ailegatu, nahiko agudo. Lana ere egin dugu, baina beti ez da lortzen horretara ailegatzea.
Zein da zuen gaztaren sekretua?
Hasteko, ardiak: ahal den guztietan kanpoan jan dezatela, egunerokotasunean garbitasun handiz ibili (errapeak garbitu jetzi aitzin)... Azkenean, urte osoko lana da, egunero-egunerokoa, segida hutsa.
Gaztea da zuen gaztandegia. Zergatik hasi zinen gazta egiten?
Lehendik ere baziren behiak eta ardiak etxean, baina esnea salduz bizitzeko marjina ez zen ikaragarria. Pixka bat horri begira hasi ginen gasna egiten, errentagarritasuna bilatzearren, eta orain lau ari gara lanean: gurasoak eta bi anaiok. Lehen, gurasoak bakarrik bizi ziren horretatik. Esnea salduz lau jornal ateratzea ezinezkoa da. Gazta egiteko, lan egin behar duzu; hala eginez gero, gauzak ongi ateratzen dira, eta posible da.
Artzaintza etxean ezagututa, zergatik jo zenuen Arantzazuko Artzain Eskolara?
Betidanik ezagutu izan dugu etxean bai ardi bai behi, baina ardiek gehiago erakartzen ninduten, eta horrexegatik joan nintzen Artzain Eskolara, metodo berriak edo lan egiteko molde berriak ikasteko. Beti ikasten da, etxe guztietan, zerbait.
Bizi al daiteke artzain izatetik?
Bai, dudarik gabe. Bestela, orain ez geundeke hemen, kar-kar!
Zer da zailagoa, gazta ona egitea edo ongi saltzea?
Biak ere... Lehen esaten ziguten, gasna egiten hasi ginenean, erraza zela gasna egitea, saltzea zela zaila. Nik erraten diet ez bazara saiatzen gasna ona egiten, ez duzula lortuko. Baina saiatuz gero, ailegatzen da. Saiatu behar da biak ahal bezain ongi egiten: gasna ahal bezain ongi egiten eta, gero, zure gazta balioetsiko duen bezeria bilatzen. Prezioekin, gaur egun, beti borrokan ibili behar dugu, baina guk gurea babestu behar dugu, egiten duguna. Besteak... zerbaitegatik daude merke, edo zerbaitegatik dituzte prezio merkeagoak.
Infernuko gasna. Izen horrekin, ez al dira erosleak beldurtzen?
Ez, ez. Duda genuen, zer izen paratu, baina nik uste izenarekin asmatu genuela. Inguruan badira izen hori duten errota, erreka eta belaia. Uste dut alde horretatik asmatu dugula, ez baita atzentzen erraza.
Sariek asko laguntzen dute?
Bai, beti. Sari txikiek, handiek eta guztiek. Ordiziakoak-eta dagoeneko ikaragarri ezagunak dira, eta bezeroak lortzeko orduan asko laguntzen dute. Horrez gain, norberaren animoetarako, imajinatu! 

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Gure inguruek.
Eta tristatu? Arazoren bat-edo baldin badago, orduan jartzen naiz triste. Baina, bestela, pozik!
Zerk eragiten dizu barrea? Gauza anitzek.
Eta negarra? Emozioek.
Zerk haserrearazten zaitu? Ahal beste saiatu arren, nahi duzuna ez lortzeak.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Artzain.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Lantegiko langile.
Zure ardi guztiak ezagutzen al dituzu? Bai, bai.
Orabidean bizi, ala kalean? Orabidean. Kalera jaitsi, eta buelta!

Eñaut Mitxelena