Errigora, Nafarroako hegoaldeko arnasa

Lerrook irakurtzen dituzuenerako, abian izango da Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka kanpaina. Hala, azaroaren 20ra bitartean, Errigoraren udazkeneko kanpainari dagozkion kutxak eskatzeko garaia izango da. Nafarroako hegoaldeko produktuz hornitutako kutxak, Nafarroako hegoaldeko ekoizleei eta euskalgintzari arnasa emateko. Izan ere, auzolana oinarri, horixe du helburu nagusi Errigora ekimen herritarrak: Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko ekoizleen elikagaiei bidea ematea tokian tokiko ekoizpena modu duinean zabaltzeko, eta hortik ateratako etekinen zati bat euskara ofiziala ez den eremuetara bideratzea. 2013an hasi zenetik (aurretik, 2012an, beste saiakera txiki bat egin zen, beste izen batekin), sustatzaileek kanpainetako diru etekinaren % 25 bideratu izan dute Ikastolen Elkarteari, Erriberako AEKri eta Sortzen elkarteari laguntzera. Udazkeneko kanpainarekin zein udaberrikoarekin (Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura), herritar, ekoizle, kontsumitzaileen eta euskaltzale sare irmoa eratu dute. Bide hori are gehiago sendotzeko, gainera, hainbat berritasun aurkeztu ditu Errigorak. Esaterako, Agerraldia elkarte sortu berria, Nafarroako hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintza indartzeko asmoz, edota udazkeneko kanpainan kontsumitzaileon ahosabaiak goxatuko dituzten kutxa berriak. Denak ere Errigorak puzka jarrai dezan. Eñaut Mitxelena.

lezaun

“Funtsezkoa da Errigoraren lana bertako produktuen eta ekoizle txikion produktuen alde”

Lakarreko Lezaun upategiak hasieratik parte hartu du Errigoran, ekoizten dituen ardo ekologikoekin ez ezik, egitasmoari lagunduta ere. Errigoraren filosofia eta helburuak ezin hobeki datoz bat upategiarenekin, Edorta Lezaunek (Lakar, Deierri, 1966) dioenez. Upategiaren arduradunetako bat da, baita NNPEK Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren presidentea ere.

Errigoraren bigarren kanpainako kutxetan banatu zituzten, estreinakoz, Lezaun ardoak, “lehen kanpainan ez zelako ardorik banatu”. Halere, lehen kanpainatik parte hartu izan du upategiak egitasmoan. Lezaunen hitzetan, “nondik norakoak azaldu zizkigutenean, hasieratik lagundu genien sustatzaileei ekoizle txikiak eta gertukoak topatzen, egun Errigora osatzen duen sare hori josten, alegia. Aukera ona iruditzen zitzaigun, eta gure filosofiarekin guztiz bat datorren ekimena”. Bai euskara bultzatzeari bai tokiko ekoizpenari eta ekoizpen ekologikoari ematen dien garrantziari dagokienez.
Batetik, “guk beti izan dugu sentsibilitate berezia euskararen gaiarekin, eta oso kontziente gara Nafarroako Erriberan euskara indartzeko beharra dagoela” dio. Ekoizpen mota dela eta, antzera. Duela 22 urtetik dute beren ardoek produktu ekologikoaren ziurtagiria, eta “beti izan dira, nolabait, gure estandartea. Azken batean, elikadura burujabetzarantz egiten saiatzen gara denok ere, bertoko ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana berreskuratzeko, eta ekoizpen txiki horiek balioesteko. Horretarako, lehenik eta behin, nekazariok izan behar dugu burujabe, eta modu bakarra da ekoizpen ekologikora jotzea, non gure ustiategiak guk geuk kudea ditzakegun eta ez gauden kanpoko eragile eta enpresen mende. Horixe da bidea”.
“Oso positibotzat” jotzen du Lezaunek Errigorak urteotan lortu duena. “Talde trinkoa osatu dugulako: Errigora den familia handi hau. Hemengo ekoizle txikiok, Nafarroakook, elkar ezagutu dugu... Azken batean, egiten ditugun auzolanei esker, talde trinkoa bilakatu gara, gure arteko harremanak sendotu egin ditu”. Horrez gain, nola ez, “ardoen sustapena dago, hori ere oso interesgarria”.
Lezaun upategikoekin batera, beste bi ekoizleren ardoak, Mendiko eta Azpea, dakartzate Errigoraren kutxek. “Ekoizleok ikusgai jarri gaitu Errigorak”. Horrez gain, “artisau ekoizpen txiki eta ekologikoen elikagaien balioa nabarmentzen du. Kontsumitzaileengana hurbiltzen gaitu, eta gu ezagutzeko aukera ematen die”. Bezeroak ere ekarri dizkie: “Kontsumitzaileek gure ardoa ezagutzen dute, kutxen bidez, eta gero zenbait gure upategira etortzen dira bisitan, edo ardo gehiago erostera...”. Finean, “Errigorak mapan kokatzen gaitu, produktuak ikusgai jarriz eta Euskal Herriko bezero sentsibilizatuei gure ardoak ezagutzeko nahiz dastatzeko aukera emanez. Sustapenerako eta publizitatea egiteko egokia da, ekoizle txikiok ezingo baikenuke beste modu batean egin".
Horrenbestez, Lezaun upategiak egitasmoan parte hartzen jarraituko du: “Denok dakigu, ekoizleok eta kontsumitzaileek, talde lana dela, lan luzea, iraupen lasterketa, baina guk badugu indarrik amaierara arte jarraitzeko!”. Beharra izan badago eta, euskarak Nafarroako Erriberan bizi duen egoeragatik eta elikadura burujabetzarantz aurrera egiten jarraitzeko. “Funtsezkoa da Errigoraren sentsibilizazio lana bertako produktuen eta ekoizle txikion produktuen kontsumoaren alde. Kontsumitzailea sentsibilizatu egin behar da, ez garelako konturatzen, kontsumitzaile garen heinean, zer-nolako indarra dugun gauzak aldatzeko. Jakitun izan behar dugu kontsumitzaile garen heinean, denok eta egunero, erosketa orga aldaketarako tresna garrantzitsua dela. Finean, ekintza politikoa da erosketa orga: erosketak egitean, ekoizpen modu batzuk indartzen ditugu. Hori da, hain zuzen, Errigoraren ekarpen garrantzitsuenetako bat: Euskal Herriko kontsumitzaileak sentsibilizatzea, eta haiei artisau produktu ekologikoak gerturatzea”.

errigora

“Sare sendoa ari gara josten”

2013an hasi zenetik, egitasmo sendoa bilakatu da Errigora. Bilakaera horretaz mintzatu gara Errigoraren koordinazio taldeko kide Iker Ajuriagerrarekin (Eibar, 1980).

Iragan urriaren 12an aurkeztu zuten, Tafallan, aurtengo udazkeneko kanpaina eta berekin ekarriko dituen berritasunak. “Inguruko herrietatik etorritako euskaltzale asko batu ziren, eta gustura hartu zituzten nobedadeak” dio Ajuriagerrak, egunak emandakoarekin “pozik” geratu zirela gehituta.
Pozik egoteko modukoa da, halaber, Errigorak azken urteotan egindako ekarpena. 2013tik lorturikoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula: sei urtean, ia milioi bat euro bideratu dute Nafarroako hegoaldean euskararen aldeko proiektuei laguntzera.
Eskaintza ere indartu da urte hauetan: 2013an, 5 ekoizleren produktuak banatu zituzten saskietan; gaur egun, 25 ekoizlek parte hartzen dute. “Nabaria da interesa. Enpresa txiki edo ertainak dira guztiak, elkar ezagutzen dute, eta haiek ere jotzen dute guregana ekoizle gehiagoren berri emateko”. Hori bai, ekoizleek argi dute Errigoraren izaera. Hots, interesa badute, “baina, hein handi batean, ez merkataritzaren ikuspuntutik, baizik eta ulertzen dutelako askoz proiektu sakonagoa dela, ez denda arrunt hutsa. Beren etorkizuna ere jokoan ikusten dute, eta honelako proiektuak ezinbestekoak direla prezio duinei buruz hitz egiteko, salerosketetan nekazariekin produktuen ezaugarriak adosteko...”. Finean, zuzeneko harreman hori bultzatzen du Errigorak, “denok ere bertoko produktua sustatzeko, eta eskaerak bitartekaririk gabe bideratzeko. Hori ekoizleentzat oso-oso garrantzitsua da. Besteak beste, ikusten dutelako beren lurretan urte luzez landatu izan diren produktuak berriz lantzeko aukera dutela, eta, gainera, duintasunez eta prezio egokiekin”.
Ekoizle eta kontsumitzaileekin batera, “sarekideak” dira, hots, kanpaina bakoitzean auzolanean aritzen diren boluntarioak, Errigoraren beste zutabe nagusia, “ezinbestekoa egitasmoaren funtzionamendurako: saskiak prestatzen dituzte, banatu... Ehunka herritan, 2, 3, 4, 5... Lagunen laguntza izaten dugu kanpainak bideratzeko”. Ajuriagerraren hitzetan, “oso fidelak dira. Zazpigarren ekitaldia dugu oraingoa, eta hasieratik lanean aritu izan diren sarekideen ehuneko handi-handi batek jarraitu egiten du. Modu aktiboan, gainera: lana egiteaz gain, ideiak ematen dituzte, hobekuntzak proposatzen... eta guk kontuan izaten ditugu”. Errigoran sarri erabiltzen duten leloa ekarri du gogora Ajuriagerrak: "Ekintza txikiekin, helburu handiak. Sarekideek, kanpainetan lagunduta, ulertzen dute helburu handiak lortzeko proiektua dela, eta nork bere aletxoarekin asko egin dezakeela”.
Zenbakiez harago, Errigoraren bidez “sortzen ari garen zubiak” nabarmendu ditu. “Zubiak eraikitzen ari gara, bai geografikoki bai herritarren artean: nekazariak, kontsumitzaileak, ekoizleak... Hau da, hanka ugariko proiektua da, eta hainbat familiak osatzen dute komunitate osoa: sarekideak, ekoizleak, kontsumitzaileak eta euskalgintzako eragileak. Bai geografikoki bai ustez oso apartekoak diren mundu horien artean, sare sendoa ari gara josten, komunitate sendoa egiten”.
Errigora indartzeko, urrats gehiago egin dituzte udazkeneko kanpainaren atarian. Eskaintza zabalagoa izango da: Kutxa Beltzari, eskaintza klasikoari, Kutxa Berdea, produktu ekologikoz osatua eta Kutxa Zuria gehitu diote, “Gabonetako saski moduan salduko duguna, 70 euroan”. Ohi bezala, etekinaren % 25 bideratuko dute Nafarroako hegoaldeko euskalgintzari laguntzeko. Aurrerantzean, gainera, Agerraldia elkarte sortu berriari ere emango diote laguntza.
Ekarpen horren garrantzia azpimarratu du Ajuriagerrak, AEKren kasua adibide jarrita: “Errigoraren ekarpenari esker, AEK-k beka sistema ezarri ahal izan du Nafarroako hegoaldeko ikasleentzat. Iaz, Tuterako, Lodosako eta inguruko herrietako datuak aztertu genituen, eta ikusi genuen bilakaera oso positiboa izan dela: urtetik urtera, jende gehiagok ematen du izena euskaltegian, eta uste dugu sortu dugun mugimendu honek laguntzen duela horretan. Hortaz, oso garrantzitsua da AEK-ko edozein ikaslek edota aldizkari hau irakurtzen duen edozeinek jakitea zelako helburu handiak lortzen diren saskiak eskatuta”.

agerraldia“Agerraldiak Errigoraren ekarpena biribilduko du”

Euskarari beste bultzada bat eman nahian, Agerraldia sortu du Errigorak, eta udazkeneko kanpainaren atarian aurkeztu du. Ekimenaren ezaugarriak eta asmoak azaldu dizkigu Blanca Garcia (Tutera, 1995) Agerraldiaren eledunak.

Ager vasconum izendatu zuten erromatarrek euskaldunon lurraldeko hegoaldea. Hau da, gaur egungo Nafarroako hegoaldea eta erdialdeari dagokion eremua, nekazaritzara emana. “Hortik hartu genuen ager hitza zonaldeari aipamena egiteko” azaldu du Garciak, “eta aldiarekin nabarmendu nahi izan dugu badela ordua euskarak zonalde honetan agerpena egiteko eta bultzada izateko” gehitu du, elkarte honen izenaren berri emateko.
Izenaren azalpenak erakusten du, halaber, Agerraldiaren izana: “Ager-aren eremuan euskara plazara ekarri nahi duen beste ekimen bat da. Hiru helburu nagusi ditu: euskararen ezagutza bultzatzea, erabilera handitzeko esparru eta aukera gehiago ematea, eta euskararen aldeko jarrerak indartzea. Euskararen bideak zabaltzea, azken batean”.
Errigorak, bere horretan, ekarpen handia egin dio urteotan eremu horietako euskalgintzari. Haatik, eta orain arteko bilakaera ona izan den arren, Errigoraren barnean bazuten kezka bat: “Euskarari Puzka kanpainak agortzen direnean, zer geldituko da zonalde honetan euskalgintzan?”. Galdera horri erantzuteko “erabaki zuten beste urrats bat egitea: proiektu esanguratsu bat sortzea, orain Agerraldiaren forma hartu duena. Ekarpen iraunkorra, bere bidea egingo duen ekimena, zonaldea kohesionatua izango duena”. Finean, “proiektu honekin, zer edo zer iraunkorra utzi nahi da zonaldean”. Hala, Agerraldiak Errigoraren laguntza beharko du, eta izango du, “orain abiatzeko, baina etorkizunean bere bidea hartuko du”. Alegia, “proiektu autonomoa izatea lortu arte”, Errigora eta Agerraldia eskutik joango dira.
Laguntza hori zuzenean lotuta dago Errigoraren kanpainen ekarpenarekin. Errigorak, orain artean, Erriberako ikastolei, Sortzen elkarteari eta AEKri lagundu die, tokiko produktuen salmentari esker. “Hemendik aurrera, Agerraldiak ere jasoko du ekarpen horren zatitxo bat, bere proiektua aurrera eraman ahal izateko”.
Agerraldiak eta Errigorak izaera eta ezaugarri bertsuak dituzte. Errigora bezalaxe, “Agerraldia elkarlanean oinarritzen da. Bertakoa izango da, eta bide praktikoa hartuko du. Ekimen plurala, zabala, eraginkorra, dinamizatzailea, herritarra...”. Hau da, “bertakotasuna bultzatuko du, beti elkarlanerako gogoz”.
Haatik, zenbait desberdintasun badituzte batak eta besteak. Garciak dioenez, “Agerraldiaren berezitasuna da herritarrak protagonista bilakatu nahi dituela. Protagonista eta sustatzaile izango dira, parte hartuko dute erabakietan eta egitasmoak gauzatzeko orduan”. Horrez gain, egingo dituen ekintzak “zehatzak” izango dira.
Hain zuzen ere, “lehen pausoa izan da agerzaleak saretzea, proiektu honetan parte hartzeko prest dauden herritar, kolektibo, euskaldun eta euskaltzaleek elkar ezagut dezaten; ideiak, proiektuak eta baliabideak trukatzeko; indarrak batzeko eta elkar motibatzeko”. Behin agerzaleak saretuta, “haien hausnarketak eta beharrak bilduko ditu Agerraldiak, eskualdeak zer behar duen ezagutzeko eta, hala, eskaintza antolatzeko”. Hartara, “herritarren proiektu zehatzak garatzen eta iraunarazten laguntzen saiatuko da Agerraldia, hainbat kontu eskainiz: prestakuntza, finantzaketa, bitartekoak...”. Ekintzak, gainera, arlo ugaritan egin nahi dituzte: “Kultura, aisialdia, kirola, lan eremua, hedabideak, irakaskuntza, sare sozialak...”.
Modu horretan, Errigoraren baitatik jaiotako proiektuak Errigorak berak eskualdean “egiten duen ekarpena biribilduko du”. Betiere, “Ager-eko ekimena” izanik, “bertan eta bertarako sortua, bertan kudeatua eta erabakiak bertan hartuko dituena”.
Lan horretan, Agerraldiak zuzenean laguntzeko modua eskainiko du: “Gure helburuak lortzen lagundu nahi duen edonor izan daiteke Agerraldia sarearen parte”. Izan ere, “Agerraldia tokiko eragile-erakundeek zein Euskal Herrikoek osatuko dute. Gu saiatzen gara sarea elikatzen, baina edonor jarri ahal da gurekin harremanetan proiektuan parte hartzeko”. Bestela ere, Garciak gogoratu duenez, “Errigoraren kutxak erosiz egitasmoari laguntzen diotenak ere badira Agerraldiako parte hartzaile”.