Zer egingo zenukete Erorien Haranarekin?

ikamika

Oztopo judizial eta polemika ugariren ostean, Espainiako Gobernuak Francisco Franco Espainiako diktadore ohiaren gorpuzkia atera du Erorien Haraneko hobitik. Francoren familiaren helegite eta saiakera guztiak atzera bota ditu Auzitegi Gorenak, eta, azkenean, Mingorrubioko (Madril) hilerriko mausoleora eraman dute diktadorearen gorpua. Keinu sinboliko esanguratsua da, baina ez du amaituko frankismoaren arrastoekin, diktaduraren itzala handia baita Espainiako hainbat sektoretan, eta frankismoaren ikurrak ugariak zenbait lekutan. Esaterako, Erorien Harana, frankismoa goresteko milaka preso errepublikanok eraikitako monumentua, frankisten gurtza leku bilakatua zen, eraikin publikoa izan arren. Bada lekua memoria historikoari eskaini behar zaiola dioenik, bada eraitsi egin behar dela dioenik ere... Zer egingo zenukete zuek Erorien Haranarekin?  Deustuko Matxintxu AEK euskaltegiko C1 mailako taldea

1. Elene
Gazteok ez dakigu asko gai honi buruz; hortaz, baderitzot bertan museoa eta parkea egitea ideia ona litzatekeela historia kontatzeko, eta hor dauden hilei omenaldia egiteko.
2. Gurutze
Iraganarekin bakea egiteko asmoz, familia bakoitzak erabaki beharko luke zer egin bere hilekin. Batzuk, ez dakitenez nor diren, Erorien Haranean geratuko lirateke, eta tokia museo bihurtuko nuke. Horrela, memoria historikoa mantenduko genuke, eta, era berean, frankisten gurtza amaituko litzateke, han gutxienez.
3. Julen
Behin Francoren gorpua aterata, frankismoaren sinbologia guztia ere aterako nuke handik. Gero, munduko hazi guztiak kontserbatzeko leku bat eraikiko nuke barruan, haziek bizitza sinbolizatzen baitute.
4. Alba
Erorien Harana dagoen lekuan, astronomia behatoki bat eraikiko nuke, beti bertan dauden gorpuak errespetaturik. Izan ere, leku altu, lasai eta kutsadurarik gabekoa da.
5. Leire
Nire ustez, Erorien Haranean dauden hilak beren herrietan edo beren familien ondoan egon beharko lirateke. Gorpuak eraman eta gero aisialdirako erabiliko nuke; adibidez, zinema edo behatoki bat eginda. 
6. Eder
Nik Espainiako museorik handiena egingo nuke bertan: ez bakarrik espainiar guztiek ahaztu ez dezaten nolakoak diren gerra zibilak eta diktadurak, baita mundu osoan zabaltzeko ere.
7. Izaro
Nik, lehenik eta behin, gorpuzki guztiak kendu, eta hura leku lasaia bihurtuko nuke; gero, jatetxe handi eta dotore bat eraikiko nuke, bertatik jendeak iluntzea ikus dezan.