Kalifornia kliskaz kliska

yosemite

Biztanle gehien (36 milioi) dituen AEBetako estatua da. Hiriburua Sacramento du, baina hiririk garrantzitsuenak Los Angeles eta San Frantzisko dira. Graduak, Fahrenheit. Litroak, galoi. Autoak, automatikoak. Jatetxeetako eskupekoak (% 15, % 20, edota % 25), handiak, bertako pertsonaia ezagunak bezalaxe: Marilyn Monroe, Jack London... Juan Luis Mugertza.

Slab City. Sonora basamortuaren erdian kokatutako base militarra izan zen. Egun, gerra-beteranoek, hippyek, eskaleek, toxikomanoek, erretiratuek eta bestelakoek okupatutako lurralde autogestionatua da. Negu gorrian ehunka lagun bizi badira ere, udan haietako asko iparraldera joaten dira, beroa jasanezina baita. Karabanetan, auto zaharretan edota txaboletan bizitzea aukeratu dutenei slabber esaten zaie, eta, esan bezala, era guztietako jendea topa daiteke, baina gehienak izan ohi dira bizi izateko dirulaguntza nahikorik ez dutenak edota gaur hemen eta bihar han bizi nahi dutenak. Komunitate honen ezaugarri nagusia askatasuna da. Halaxe esan zigun, behintzat, Vietnameko gerran izandako Jamesek: “Amerikako azken leku askea da hau”.
Slabber oso ezaguna izan zen Leonard Knight, Salvation Mountain izeneko artelan bitxiaren egilea, hain zuzen. Kolorez eta Jainkoaren aldeko mezuz beteriko mendi bat da, eta tontorrean gurutze handi bat du. Leonard 2014an hil zen, adinekoen egoitza batean, bere obra bukatu gabe, baina artista asko daude prest hark hasitakoari segida emateko. Menditik kilometro erdira edo, hondakin eta traste zaharrekin egindako hainbat artelan bildu dituzte estalperik gabeko East Jesus Art Garden museoan, nahiko originala bera.

Las Vegas (edo bekatuaren hiria). Heldu bezain laster jabetu ginen zer-nolako giroa ikusiko genuen paiute-ak bizi ziren lekuan eta 1829an Antonio Armijo espainiarrak Las Vegas (Ibarrak) izendaturiko hirian, Nevada estatuko handiena bera. Hoteleko sarreran, limusina zuri bat ikusi genuen, eta barruan ezkonberriak zuriz jantzita, segizioa atzean zutela. Gure logela 25. solairuan zegoen, eta hara iristeko nahitaez igaro behar genuen kasinotik. Ikaragarria zenbat jende zegoen, goizean goizetik, dirua xahutzen. Han, ez dute tabakoaren aurkako legerik ezagutzen, dena da libre, antza. Hotelean bertan, 32. solairuko begiratokitik, hiriaren ikuspegi osoari aurreneko argazkia egiteko aukera izan genuen, pertsona gutxi batzuek, ausartenek, gerritik lotuta amildegira salto egin bitartean. Zangoak arintzeko asmoz, osteratxoa egin genuen hotel inguruan, baina, gauaren ilunak apurtxo bat kezkatuta edo, lotara joan ginen, egunez dena hobeto ikusiko genuelakoan. Bada, halaxe izan zen, hurrengo egunean mutur batetik bestera egin genuen sei kilometroko Strip etorbidean, non hotelik eta kasinorik handienak dauden. 2010ean, Las Vegasek 583.756 biztanle zituen; egun, ingurune metropolitanoak 1.951.269 ditu; eta, jakina, AEBetako helmuga turistiko nagusia da.

Joshua Tree National Park. Los Angelestik 200 bat kilometrora, eta Las Vegastik 300 kilometro ingurura. Parkearen zatitxo bat harkaitz biribilez dago apainduta, eta jende ugari eskalada librea egitera joaten da hara. Colorado eta Mojave basamortuen artean dagoen parke honek kaktus baten izena du, eta Josué zuhaitzetik datorkio. U2 talde irlandarrak bertan egin zituen The Joshua Tree diskorako argazkiak. Aspaldi han inguruko fauna eta flora oso aberatsak zirenez, ehiztari eta biltzaile asko Pinto errekaren arro inguruan bizi ziren; egun, ordea, lehor dago. Gero, indiar herriak (Serrano, Cahuillla eta Chemehuevi) etorri ziren; ezkurrak, pinaziak, algarrobo lekak eta kaktusen fruituak biltzen zituzten, eta pintura eta zeramika arrastoak utzi zituzten. XIX. mendean, urrearen sukarrak meatzari, nekazari eta baserritar asko ekarri zituen, zeinak meatzeak zulatu eta presak eraiki zituzten. 1936. urteaz geroztik, parkea babestuta dago, eta bertan ez dago inolako giza arrastorik, aire libreko kanpaldietakoa salbu.

Arroila Handia. Sarri argazkietan zein bestelakoetan ikusi badugu ere, Arroila Handiaren handitasuna bertatik bertara ikusteak sekulako zirrara eragin zigun. Arizona estatuko Cocoino eta Mohave konderrietan dago, 450 kilometroko luzera eta 2.000 metroko sakonera ditu eta, jakina, AEBetako tokirik bisitatuenetakoa da. Goizeko eguraldiak ez zigun batere lagundu, eta kapa soinean ibili behar izan genuen gora eta behera. Arratsaldean, ordea, parada izan genuen bost orduko mendi buelta egiteko; horrela, AEBetako lehenengo parke nazionaletakoa den arroila honen barruko ezkutalekuak hobeto ezagutu genituen, bai eta fauna ere: 355 hegazti espezie, 89 ugaztun, 47 narrasti, 9 anfibio eta 17 arrain espezie zerrendatu dira; ezagunenak puma, katamotza eta koiotea dira. Ezin ahaztu Colorado ibaiak higatu duela arroila, eta Mendi Harritsuetan (Kanada) hasi eta Kaliforniako golkoan itsasoratzen dela, 2.333 kilometro egin ostean.

Yosemite Parke Nazionala. 3.081 km² inguru dauzka, eta urtero 3 milioi lagunek baino gehiagok bisitatu ohi dute. Halarik ere, gehienak Yosemite haraneko zatian baino ez dira ibiltzen. 1984an, gizateriaren ondare izendatu zuten, eta nazioartean ongi irabazia du ospea, bertako granitozko amildegiengatik, ur jauziengatik, egundoko sekuoia basoengatik eta biodibertsitate handiarengatik. Guk, Mariposa Grove (tximeleta zuhaiztia) hasten den lekuraino joateko, parke barruko autobusa erabili genuen, eta pare bat orduko ibilbide biribila egin sekuoiak ikusteko.  Sekuoia erraldoiek (Sequoiadendron giganteum) 3.000 urte ere izan ditzakete, eta 94 metro garai izan daitezke; itsasbazterreko sekuoia gorriek (Secuoya sempervirens), adibidez, 115 metro dituzte. Lehenengo sentipena parkean oso ederra izan bazen ere, aurrera egin ahala, ederraren handiak tamaina ikusgarriagoa hartu zuen. Izan ere, besteak beste, 910 metro garai eta munduko eskalatzaile ugariren jomuga den El Capitan-ek (kapitaina) politagoa egin zuen lekua.

San Frantzisko. Distantziak oso handiak dira, eta komeni da garraioren bat erabiltzea Pazifikotik datozen aire hotzei aurre egin eta hiriko ikurra den Golden Gate zubi gorria ikusteko, 60ko hamarraldian Scott Makenziek abesten zuen melodia gozoa irudikatu bitartean: “San Frantziskora bazoaz, ez ahaztu ilean loreak eramatea”. Baina zer gertatu zen, sasoi hartan, unibertsitatean ikasitako hainbat gazte AEBetako beste toki batzuetatik, Kanadatik edota Ingalaterratik San Frantziskora joateko, burua bestelako balioez (bakea, elkartasuna, maitasuna) apainduta? Bada, Bigarren Mundu Gerran eragindako txikizioak gehiegizkoak izan zirela, eta orduko ameslariak ohartu zirela bazela garaia 1950. urteaz geroztik multinazional amerikarren negozioei “stop” egiteko, kapitalismoak zentzurik ez zuelakoan. Alabaina, oso ariketa zaila da, egun, mundua aldatzeko 1967an zabalduriko aldarriak Haight eta Ashbury inguruko kale ezagunetan entzun edo ikustea; beharbada, Janis Joplin eta Jimmy Hendrix bizi izan ziren etxeetan (egun, itxiak), edota orduko grafitiek hormetan utzitako arrastoetan. Hori baino errazagoa da hiri erdian, Hyde kalean, Twitter eta Uber enpresen bulegoetatik hamabost bat minutura oinez, heroina injektatzeko erabilitako xiringak, zikinkeria eta giza mamuak etzanda edozein bazterretan ikustea, edota turistek gogoko dituzten guneetara joatea.

Alcatraz (euskaraz, zanga). Espetxean kondena bete zuten 1.545 presoen artean (emakumezko presorik ez zen egon), batzuk oso ezagunak izan ziren, esaterako, Al Scarface Capone, Doc Barker, Alvin Creepy Karpis, George Machine Gun Kelly, Flody Hamilton eta Robert Stroud. Azken horri txori gizona esaten zioten, kanarioen gaineko lana Leavenworth presondegian egin zuelako. Preso gehienak beste espetxe batzuetan arazoak izandakoak ziren. 14 aldiz saiatu ziren hanka egiten Alcatrazetik. Ihesik sonatuena 1962ko ekainekoa izan zen, Frank Morris eta John eta Clarence Anglin anaiek burutua. Ziurtasun osorik ez dago, baina San Frantziskoko badian itota hil omen ziren. Gorpuak ez dituzte inoiz topatu. Alcatrazen ez omen zen egiten exekuziorik, baina zortzi hilketa eta bost suizidio gertatu ziren. Presozainen emazteak eta seme-alabak ere hantxe bizi ziren. Kartzelako gastu handia zela eta, 1963. urtean Robert F. Kennedyk, AEBetako prokuradoreak, presondegia ixtea erabaki zuen.

Salton Sea (Salton itsasoa): Kaliforniako aintzirarik handiena, eta beroenetakoa. Apirilean, 101 Fahrenheit gradu (38 ºC) genuen; uztailean, auskalo! Gezurra badirudi ere, oso leku ona da txoriak ikusteko. Dena den, ezin utzi aipatu gabe AEBetako hondamendi ekologikorik handienaren ondorio dela: XX. mendearen hasieran inguruko ur kanal batean ingeniaritza akats batek eragindako uholdeak sortu zuen ur-masa erraldoi hau. Harrezkero, hamarraldi askoan ondoko Coachella eta Inperial bailaretako nekazaritza ustiategiek isuritakoek gazitasun handia eman diote urari, eta lur barneko usain kirasdun itsaso handia bihurtu da. Hasiera batean, aintzira bazterretan hildako arrainek usaina zabaldu zuten, eta euliak agertzen hasi ziren. Gero, arrantza egitera edota patxada ederrean bizitzera etorritako jendeak alde egin zuen, poliki-poliki. Horregatik, egun, etxe asko utzita ikusten dira aintziraren inguruan. Hemen bizi diren gehienak latinoak dira, eta nekazaritzan dihardute. Etsipenak jo aurretik, egoerari eustea dute irtenbide bakarra. Adituek ahaleginak egin dituzte agintariekin aintziraren egoerak hobera egin dezan.