Zumakearen besarkada gorria

zumakea

Udazkena iristen denean, hamaika kolorez janzten dira Lizarra inguratzen duten mendixkak. Artista batek maitasunez margoturiko artelana dirudi paisaiak. Margo guztien artean, baina, gorria gailentzen da. Izan ere, urteko sasoi honetan, zumake izeneko landareak (Rhus Coriaria) soinekoa aldatzen du, eta, hala, kolore gorriko eraztun dotorea janzten du hiriak. Errituala Erdi Arotik errepikatzen da. Landarea Ekialde Hurbiletik iritsi zen Ega ibaiaren hiriburura, besteak beste larrugintzan erabiltzeko. Azken urte hauetan, zumakearen sekretuak ezagutzeko lanetan dabiltza hirian, Lizarrako historian barrena nabigatzeko aukera eskaintzea xede. Arkaitz Almortza Muro.

 

Jurramendi mendiaren babespean eta Ega ibaiak bustitzen dituen lurren artean eraikia izan zen Lizarra. Arabatik iristen diren urak hiriaren arteria nagusia izan dira, antzinatik. Hala, herritarrek ibaiaren albo bietan eraiki izan dituzte beren bizitzak. Erdi Arotik aitzinera, esaterako, ibaiertzean zurrategiak loratzen ziren nonahi. Gaur egun, oraindik ere, larrua lantzeko erabiltzen zituzten lauzak ikusgai daude, ahanzturaren sasietatik berreskuratu berri.
Hiriko historia liburuan irakur daitekeen bezala, larrugintzak berebiziko garrantzia izan du Lizarran; egun, nahiz eta bi zurrategi baino ez diren gelditzen, tinko jarraitzen dute mendeetan herritar askoren ogibidea izandakoaren aztarnek. Udazkenero, esaterako, hiriaren iraganaz mintzatzen dira kolore gorriz janzten diren zumakearen hostoak.
Bost menderen ostean, landareak ongi errotu ditu sustraiak Ega ibaiaren lurretan. Izan ere, gaur egun tokiko landareekin batera Lizarrako paisaia margotzen duen arren, jatorria kanpokoa du, eta horrek ematen dio xarma berezia. Uxua Domblas arkitekto eta ikertzaileak honela azaldu du: “Hainbat teoria daude zumakearen jatorriaren gainean, baina indartsuena da Ekialde Hurbiletik ekarri zutela, eta juduekin lotura izan zuela”.
Landarearen izen zientifikoak izan zuen erabileraz mintzo da: Rhus, gorria; coriaria, larrua. “Badakigu larru ontzaileek erabiltzen zutela landare tanino moduan. Ibaiaren ertzean, zurrategien ondoan, zumakea xehatzeko errota bat zegoen”. XX. mendetik aitzinera, baina, kromoa edo prozedura kimikoak erabiltzen hasi ziren, eta landarea erabiltzeari utzi zioten.
Ondarea zabalduz
Erdi Arotik lizarratarren artean bizi bada ere, zumakea ezezaguna da jende askorentzat. Hori dela eta, azken urteotan, lanketa berezia egiten ari dira herrian landareak hiriarekin izan duen bost mendeko harremanaren berri emateko. Uxua Domblas ikertzaileak hiriko sarreran zegoen zurrategi zaharrean ipini du proiektuaren abiapuntua. Izan ere, eraikina zaharberritzen ari zirela zurrategi bat agertu zen. Une hartan, ikertzaile gaztea doktorego tesia egiten ari zen bere aitonaren larrutegiari buruz, eta, aurkikuntzaren ostean, tesiaren zuzendariak proposatuta, larrugintzak inguruko paisaian izandako eragina aztertzea erabaki zuen.
Esan eta egin. Ikerketaren norabide berrian hasi zen, Lizarrako iragana gaurko egunera ekartzeko. Horrela sortu zen Azala proiektua, herritarrek larrugintza ezagutzea xede. Hastapenetatik, hainbat ekintza bultzatu dituzte, hala nola, bisita gidatuak, argazki erakusketak… eta, jarduera horien baitan, zumakearen ibilbidea egiteko aukera sortu zen. “Oso ideia polita izan zen, turismo iraunkorra bultzatzeko aukeratzat jo genuen” azaldu du.
Auzolanean eraiki dute ibilbidea herritarrek. 2016an saio parte hartzaile bat jarri zuten martxan, eta 25 lagun inguru elkartu ziren proiektua sustatzeko: bizilagunak, mendi federazioko kideak, turismoaren alorrekoak… Garaiko Udalak sustatu zuen ekimena. Orotara 14 kilometroko ibilbidea diseinatu dute, ofiziala eta mendi federazioak homologatua. Hala, bisitariek, marka zuri-horiei jarraiki, zumakeondoen artean murgiltzeko aukera daukate, eta hiriari besarkada gorria ematekoa, bai ibilbide osoa (zirkularra) bai zatika eginez (3 zati ditu ibilbideak, bisitariak nahi bezala egiteko). “Paisaian zehar dauden galdutako elementuak balioetsi nahi izan ditugu" azpimarratu du.
Historiak eta biologiak bat egiten dute proiektuan. “Biologiaren aldetik, aberatsa da ibilbidea, bi klimaren artean baikaude, eta espezie batzuk beste batzuekin elkartzen dira”. “Elementu historikoei dagokienez, Erdi Aroan ospitale izan zen San Lorenzoren aztarnak ikusteko aukera dago; halaber, Donejakue bide zaharra egin daiteke, baita juduen harresiaren ikuspegi zabal polita ikusi ere, edota Peñagudako tontorra, Santa Barbarako karlisten garaiko gotorleku militar garrantzitsuaren aztarnak eta Lizarrako gazteluaren hondakinak”.
Zumakearen ibilbideak hiriko beste ikur bati ere eman dio balioa, Iratzartutakoen Parkeari, hain zuzen. “Luis Garcia Vidal artistak sortu zuen. Auto istripu baten ondorioz, anaia galdu zuen, eta haren omenez eraiki zuen gunea” azaldu digu. Zumakez egindako burezur handiak dira, eta bizitzaren eta heriotzaren arteko oreka da nagusi parkean. “Herritarrentzat zabalik egongo zen eremua nahi zuen artistak, turismoari begira, baina inoiz ez zuen izan harreman ona Udalarekin, ezta haren familiak ere". Garcia Vidal artista zendu zenean, parkeko argia poliki-poliki itzaltzen hasi zen, eta natura hark kendutako lekua berreskuratzen hasi zen. “Ibilbidearen bidez, duintasuna itzuli nahi izan diogu toki honi” azpimarratu du.
Iragana dastatuz
Gertu-gertu egon arren, orain arte ezezagunak ziren hamaika sekretu ekarri ditu zumakeak Lizarrara. Ikertzaileak esan legez, emakume batek landarearen fruitua lortzeko jo zuen haiengana. “Antza, errezeta liburu bat zuen, eta errezeten % 80k zumakea omen zuten. Jerusalemen, asko erabiltzen dute, guk hemen pipermina bezala; limoi zaporea du, eta gauza askotarako erabiltzen dute”. Landareak ezkutatzen zuen sekretu hori ezagutu ostean, beste proiektu bat abiatu zuten lizarratarrek eta bere lankide Eduardo Azconak. “Gure lagun bat garagardogilea da, eta proposatu zigun zumakearekin garagardoa egitea”. Horrela jaio zen Rush beer garagardoa. “Leuna da, denok edateko modukoa” dio irribarretsu.
Dagoeneko urtebete igaro da zumakearen ibilbidea inauguratu zutenetik, eta herritarren eta bisitarien erantzuna oso ona izaten ari dela nabarmendu du Domblasek. “Honek erakutsi digu landa eremuan ere badaudela aukerak lana eta proiektuak aurrera eramateko” dio pozik. Indarrez beteta dago, eta aurrera begira proiektuaren inguruan hainbat ekintza egitea aurreikusten du, betiere Lizarrako historian barrena nabigatuz, iragana ezagutuz, oraina ulertuz eta etorkizuna marraztuz.