Artera hurbiltzeko, liburuak

bala

2013an ospatu zen, lehendabiziko aldiz, Bilboko Arte Liburuen Azoka, BALA. Banizu Nizuke kultur elkarteak urtean behin antolatzen duenez, aurten zazpigarren aldiz egingo da, abenduaren 13tik 15era. M. Egimendi. Argazkiak: BALA.

Azaroaren 6ra bitarteko epea dago erakusmahaia ipini nahi dutenek izena eman dezaten. Batez beste, 50 stand jartzen dira urtero, eta, partaideei dagokienez, % 70, gutxi gorabehera, euskal artista eta kolektiboak izan ohi dira. Gainerakoak, nazioartekoak. “Eduki izan dugu Parisko argitaletxe alternatibo bat, Bilbora etortzeko interesa zuelako” dio Olaia Cervera Banizu Nizuke elkarteko kideak. Aurten, berriz, mundu osoan oso ezaguna den kolektibo bat etorriko da azaroan Marseillatik (Frantzia): Le Dernier cri, “estilo undergroundekoa, nahiko lotsagabe eta ausarta”. Izan ere, Azoka abenduan ireki arren, kolektibo horrek serigrafia tailerra eskainiko du azaroaren 19tik 21era BilbaoArte zentroan eta lanaren zati bat berton utziko du erakusketa egiteko, ziurrenik BALAn bertan.
Aurtengo edizioa lotzeko nahikotxo falta da oraindik, baina hainbat kontu erabakita daude. Adibidez, umeentzako tailerra Aran Santa artista gipuzkoarraren esku egongo da, eta Nagore Legarreta argazkilariak ere eskainiko du tailerra. Kontzerturen bat ere egongo da, eta Triana Parerak Mexikoko arte garaikidearen inguruko erakusketa ekarriko du: “Ez dugu arte ‘instituzionala’ nahi. Badirudi bere lana Guggenheimen erakusten ez duen artista ez dela balioesten, baina guk kalean dagoena nahi dugu”.
Arte munduan dabiltzanek eta haien ingurukoek ez dute huts egiten BALAn, baina kalean paretik pasatzen den jende asko ere sartzen da Azokan, “jakin-min hutsagatik”. Barruan, bisitariak hainbat proposamen aurkituko ditu: serigrafia egile batek bere lanak erakutsiko ditu, egon daiteke antzinako arte liburuak lantzen dituen artista bat, arte liburu bitxiak egiten dituen beste artista baten standa, marrazkiak, margoak... denetik. Haatik, ez da azoka hutsa, hitzaldiek, tailerrek eta kontzertuek ere aurkitzen baitute beren tartea BALAn, baita tabernatxo batek ere. Azken batean, proposamen ludikoa da Banizu Nizuke elkartearena.
Lan nekeza
BALAk hiru egun egiten ditu jendaurrean, baina ia urte osoko lana eskatzen du antolatzeak: urtarrilean, amaitu berri den edizioaren txostenak egiten hasten dira (ordainketak, dirulaguntzak...), eta pare bat hilabete ematen dute horretan. Martxoan atsedenalditxoa egin ostean, berehala hasten dira hurrengo edizioan pentsatzen eta dirulaguntzak eskatzeko dosierrak prestatzen. Hitzaldiak doan izaten dira, eta erakusmahaia jartzeagatik ez dute kobratzen. Hortaz, adi egon behar dute  dirulaguntzak eskatzeko. Horiek, ordea, ez dute gastu guztia estaltzen. Beraz, Banizu Nizuke elkartearen diru funtsekin eta kafe edo garagardo marka pribatu batzuen laguntzarekin osatzen dute finantzaketa.
Elkartearen muina Olaia Cerverak eta Pablo Salgadok osatzen dute, baina BALA hurbildu ahala jende gehiago sartzen da taldean, hainbat lanetan laguntzeko: kudeaketa, programazioa, gonbidatuak, diseinua, aretoa... Izan ere, “arazo piloa edukitzen dugu, baina beti atera dugu ondo aurrera, zorte handia izan dugu”. Aretoa topatzeak ematen dizkie, batez ere, buruhausteak, espazio handia behar dutelako Azoka muntatzeko. Bilboko Zazpi Kaleen inguruan ireki izan dute gehienetan (edizio bat baino gehiago La Palma zapata denda izandakoan), baina baita Plaza Zirkularrean ere, garai batean La Granja kafetegia zegoen lokalean: “Saiatzen gara txoko berezi bat prestatzen, eta etortzen diren artista gazteek asko eskertzen digute ahalegina, sortzen dituzten artelanetarako irteera eta topagunea behar dituztelako. Jasotzen dugun erantzuna positiboa izaten da”. Aurten, oraindik ez dakite non irekiko duten Azoka, ”horretan gabiltza, baina askotan negoziazioak zailak izaten dira”. Hori dela eta, laguntza eskatu diote Udalari espazioa lortzeko: “Ez da gauza bera jabearengana elkartea bakarrik joatea edo Udalak lagunduta egitea. Hari ere interesatzen zaio honelako kultur ekintza batek aurrerapausoak ematea eta garrantzitsua bihurtzea, kultur ekintza guztiak ezin dituelako berak kudeatu. Udalak laguntzen badigu, gu prest gaude antolatzeko, horrela zerbait egin ahal izango dugu”.
Antolatzaileek ez dute ekimena instituzionalizatu nahi, baina urteen poderioz Azoka hitzordu finkoa bilakatzen ari da, eta “nahiko nekatuta” daude: “Edizio bat antolatzen ari garenean, beti pentsatzen dugu azkena izango dela”. Horregatik, azkena balitz bezala egiten dute lan. Ez ahal da aurtengoa izango!

Banizu Nizuke

Elkarteak bizpahiru liburu kaleratzen ditu urtean behin edo birritan. Liburu horietako asko artistikoak dira: estetika berezia dute, baita paper ezberdina ere, ale gutxi kaleratzen dira, eta, ondorioz, pixka bat garestiagoak izan daitezke, baina “oso bitxiak” dira. Arte liburu hauetako asko zirkulu komertzialetatik kanpo daude; ondorioz, ez dira ezagutzera ematen, eta ez dira erraz topatzen. “Arte liburu bat errazago erosten denez artelana baino, BALA artistarekin harremanetan jartzeko zubia ere bada” dio Cerverak, “artistak ez baitira hain izaki arraroak, gure ondoan lanean ari diren pertsonak baizik”. BALA sortu zen, hain zuzen ere, elkarteak haien lanak erakusteko parada eman nahi zielako, batez ere Euskal Herriko artistei, publikoa ez delako usu joaten arte aretoetara.
Liburuak eta katalogoak oso bitarteko egokiak dira artelanak ezagutzera emateko, baina liburuok bide komertzialetan sartzea oso zaila da: “Liburu denda handietan zabaltzeko tirada handia egin behar da, edo liburuak mugitzeagatik ordaindu beharreko komisioak oso garestiak dira. Guggenheimen kokatzea interesgarria litzateke, baina eztabaidagarria da museo horrek euskal arteari eskaintzen dion arreta; eta Arte Ederren Museoko dendak laguntzen du, baina ez da nahikoa. Liburu mota hau salgai jartzen duen dendarik ez dago ia”. Horrenbestez, urtean behin horrelako ekintza bat prestatzea primeran datorkie euskal artistei zein kanpokoei. Gabonen aurreko asteburua oso data interesgarria da “merezi duen zerbait” erosteko: betiko gauza komertzialak oparitu beharrean, “hobe egunero ikusten ez dena aukeratzea, urte askoan gorde eta agian balioa izango duena... Denok gaude kulturaren alde, jakina, baina ahalegin kolektibo eta soziala ere egin behar da, eta ez da horrenbeste exijitzen”. Finean, “militantzia pitin bat” eskatzen dute BALAkoek.

Bilboko Arte Liburuen Azokan, denetik dago: serigrafia egileak, arte liburu bitxiak egiten dituzten artistak, marrazkiak, margoak... Baina ez da azoka hutsa: hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak, tabernatxo bat... ere badaude. Proposamen ludikoa da.

Banizu Nizuke elkarteak antolatzen du BALA, artistak jendearengana hurbiltzeko. Zaila da bertan egoten diren liburuak beste leku batzuetan topatzea, eta aukera polita da opari bereziak egiteko.