Bost urteren buruan, bigarren hanka gertu

antzokia

Gasteizko Euskararen Etxeak bosgarren urteurrena bete berri du. Epe horretan lortutako “erreferentzialtasuna” eta egindako lana nabarmendu dute eragile nagusiek. Horrez gain, beste mugarri bat ospatzeko gogoa agertu dute: Kafe Antzokia eraikitzeko kontratuaren esleipena. Aste gutxi barru sinatuko da, eta, ondo bidean, 2022an inauguratu ahal izango da Euskararen Etxea osatuko duen eremua, proiektuaren bigarren hanka, hain zuzen. Jon Rejado

“Euskara erabiltzeko ehunka aitzakiaz bete nahi dugu etxe hau”. Hitz horiek Gasteizko Euskararen Etxearen inaugurazioan esan zituen Iñaki Lazkanok, Lazarraga Kultur Elkarteko kideak. 2014ko urriaren 16a zen. Bost urte geroago, Gasteizko euskaltzaleek helburua betetzeko egindako lana ospatu dute. Etorkizunera ere begiratu dute ospakizunetan. Izan ere, Gasteizko Kafe Antzokia egiteko proiektuak beste urrats bat egin dezake epe laburrean. Ruiz de Bergara Jauregian egingo da eta, Gasteizko Udalaren ustez, hil honetan sina dezakete kontratua lanak egingo dituen enpresarekin: Zikotz. Hortik aurrera, bi urteko epea izango du lanak amaitzeko.
Urteurrenaren ospakizunak amaituta, bost urteko ibilbideaz hausnartu dute Iñaki Lazkano eta Iker Durana Lazarraga Kultur Elkarteko kideek. Oso balorazio positiboa egin dute, guneak eragindako zailtasunak gainditu behar izan dituztela aitortu arren. Izan ere, eraikin bera partekatzen dute Oihaneder Euskararen Etxeak eta Montehermoso Kulturuneak. Azken hori Udaleko Kultur Sailaren ardurapean dago. “Ez da egoera ideala bi proiektuak toki berean egotea, baina bost urte hauetan elkarbizitza sanoa egiten asmatu dugu” azaldu du Duranak.
Epe horretan Euskararen Etxeak “erreferentzialtasuna” lortu duela uste dute Lazkanok eta Duranak. “Gasteiztar askorentzat, euskal kulturaren zale askorentzat, erreferente gara”. Urtean 10.000 erabiltzaile inguru dituztela azaldu dute eta, 2014tik hona,  gora egin du Gasteizko euskalgintzako beste taldeekin egindako lanak, baita Euskal Herriko beste kultur gune eta elkarte nahiz eragile batzuekin egindakoak ere. Are gehiago, Gasteizko euskalgintzak aurrera begira dituen erronketan Euskararen Etxea lagungarria izango dela hausnartu dute.
Alabaina, bost urte hauetako lanaren balorazioan, Lazkanok zein Duranak egoera bera jarri dute mahai gainean: Euskararen Etxea proiektu oso baten hanka bat baino ez da. Bigarren hanka kultur eskaintza bilduko duen gune bat da: Kafe Antzokia. “2014an, proiektuaren erdiarekin hasi ginen. Batetik, proiektua hilda gera ez zedin. Bestetik, oinarri ona izango zelako kudeaketarekin hasteko: Udalak gu ezagutzeko, eta guk Udala”.
Iñaki Gurtubai Gasteizko Euskara zinegotziak elkarlanaren balorazio positiboa egin du. “Oso lan polita egin dute lanean hasi zirenetik; oso pozik nago Lazarraga Elkarteak egindako lanarekin”. Testuinguru horretan, Gurtubaik iragarri du laster barru sinatuko dela Gasteizko Kafe Antzokia egiteko lana, eta gaineratu du finantzaketa “guztiz bermatuta” dagoela.
660 lagunentzako kontzertuak
Zikotz enpresa arduratuko da Kafe Antzokiko lanak egiteaz. Horretarako, oinarri argia du: Lazarraga Euskara Elkarteak eta Gasteizko Udalak adostutako baldintza orria. Txosten horretan zehaztuta daude azpiegiturak, zenbat metro koadro izango dituen, baita haien edukiera ere, solairuz solairu. Hasteko, Ruiz de Bergara jauregiko beheko solairuak 195 metro koadro erabilgarri izango ditu. Errementari kaletik izango du sarrera, eta erabilera anitzeko areto bat atonduko da, 65 eta 100 pertsona bitartean hartzeko modukoa.
Lehen solairuan, Zapatagile kaletik sartuta, Kafe Antzokiko esparrurik handiena egongo da: ia 360 metro koadro erabilgarri izango ditu. Sarreran, ostalaritzara bideratutako eremua egongo da, eta barruan, eremu nagusia. Jatetxea ez ezik, antzezlanak edota kontzertuak egiteko tokia ere izango da. Areto nagusia bigarren solairuarekin lotuta egongo da, U erako balkoi bat osatuta agertokiaren inguruan. Bi espazioen artean, gehienez 660 ikusle hartu ahal izango dituzte. Bigarren solairuko balkoian, erakusketak ere egin ahal izango dira.
Azkenik, hirugarren solairuan, Kafe Antzokiko lan eremua egongo da, gehi hiru bilera gela eta tailer bat. Euskararen Etxea bertara eramango da, gaur egun Oihanederren duen lekua utzita. Horrez gain, Lazkanok iragarri du esparru horretara euskalgintzako beste eragile batzuk ere joan ahal izango direla. Edonola ere, eraikina erabiltzen hasi baino lehen, Udalak zein Lazarraga Kultur Elkarteak ondorioztatu dute lan handia dagoela egiteko.
Iker Duranak zehaztu du antzokia “edukiontzia” dela, baina edukiz bete beharko dela. Hau da, gaur egun Oihanederreko teknikariek egiten dutena egin beharko dute, baina eskaintza zabalagoa izango duen leku bat buruan. Hori egiteko baliabide gehiago beharko dituztela gaineratu du, ekonomikoak zein giza baliabideak. Gai horrekin “arduratuta” daudela erantsi du: “Garrantzitsua da datorren urtean ondo zehaztea  nolakoa izango den etorkizuneko Antzokiaren kudeaketa: izaera juridikoa, baliabideak…”.
Lazarraga Kultur Elkartea hori guztia aztertzen ari da. Inguruko guneak aztertu ditu, administrazioekin zein harreman duten ezagutzeko: Astra kultur fabrika, Gernikan; Sorgin Enea, Gasteizen; Sanagustin kultur gunea, Azpeitian… Lazkanok azaldu du ondorioez Lazarraga Kultur Elkartean eta euskalgintzako beste eragileekin hausnartuko dutela. Horren guztiaren emaitza Udalari jakinaraziko diote, Kafe Antzokiak, proiektuaren bigarren hankak, zimendu sendoa izan dezan.