“Elkarlanean aritu behar dugu agintariekin eta eragileekin”

alizia

Nafarroako iparraldean sortu arren, Tuteran bizi da Alizia Iribarren Andueza (Elizondo, 1976), hamar urte zituenetik. Bertan egin du 25 urteko ibilbidea AEKn: irakasle hasi zen; ondoren, Erriberako AEKren arduraduna izan zen; eta, azken urteotan, Nafarroako AEKren koordinazio lanetan aritu da. Hemendik aurrera, AEKren koordinatzaile nagusiaren egitekoak beteko ditu. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Gogoan duzu AEKn lanean hasi zinen eguna?
Bai, nahiko ongi gogoratzen dut, kaotiko samarra izan zelako niretzat, kar-kar! Oso-oso urduri nengoen. Eskola bat eman behar izan nuen, baina oso lotsatia naiz, baita neure bizimodu arruntean ere. Beraz, talde baten aurrean jarri, eta kontrolatzen ez nuen zerbait egin behar izateak oso urduri jarri ninduen. Kaos moduan gogoratzen dut.
Zein izan da zuretzat 25 urteko ibilbidean unerik gogoangarriena?
Asko kostatzen zait une bakarra aukeratzea, niretzat gogoangarriak izan direlako ikasleek aurrera egiten dutela ikusten den horiek guztiak; hori izan da nire ibilbideko gauzarik politena. Halaber, oso gogoan dut, maila pertsonalean oso hunkigarria izan zelako, 16. Korrika Tuteran hasi zenekoa. Oso hasiera indartsua izan zen: Euskal Herriko jende asko hurbiltzeaz gain, neuk abiatu nuen lekukoa. AEKn 35 urte betetzen ditudanean ere, horixe izango da nire memorian geratuko den gauza on bat.
Emakumea izanik, tamaina handiko erakunde baten arduradun nagusia zara, eta ez lehenengoa. AEKn ez dago kristalezko sabairik?
Lehenik eta behin, esan beharra dago AEK-k erabakia duela koordinatzaile nagusia emakumezkoa izango dela. Bigarrenik, termino hori nahiko erlatiboa da. Gizartean ulertzen den moduan, bere horretan hartuta, ezetz esango nuke, AEKn ez dagoela kristalezko sabairik. Halere, iruditzen zait gizartearen parte garela, ez gara irla batean bizi; beraz, jendartean dauden eredu maskulinoak eta maskulinizatuak hartu ditugu, horrela bizi garelako, besterik gabe, ez AEK-k horren alde edo kontra egin duelako. Eredu maskulino horiekin jarraitzen dugu, eta horiek aldatzeko lanean ari gara. Berdintasun plan nahiko sakona egin dugu, eta barrura zein kanpora begirako hainbat ekimen planifikatu ditugu. Hortaz, ez nuke esango kristalezko sabaia dagoenik, baina bai, beste edozein eremu edo tokitan bezala, eredu maskulino batzuei jarraitzen diegula; ez nahita, inkontzienteki baizik, eta horiek aldatuko ditugu.
Orain, AEK 2018-2022 epealdi estrategikoan murgilduta dago. Zein dira erakundearen erronka nagusiak?
Epealdi estrategiko honetarako ezarri genuen xede nagusia izan zen euskal hiztun aktibo gehiago lortzea. Gure ustez, ezagutzarekin batera erabilera etorri behar da, horregatik aipatu genituen euskal hiztun aktiboak, ez euskal hiztun hutsak. Bistan da jende askok dakiela euskaraz, baina erabilerarekin arazoa dugu, eta Klika egin dezaten lortu behar dugu, erabilerarako aktibatu behar ditugu. Horrekin batera, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa behar dugu, eta, horretarako, euskara ikasteko benetako doakotasuna lortzea. Horri begirako lana egingo du AEK-k. Horrez gain, eremu administratibo bakoitzeko agintariekin eta eragileekin elkarlanean aritu behar dugu, hizkuntz politikan pauso sendoak egin eta euskararen normalizazioan urrats are sendoagoak egin ahal izateko. Horren bila joango gara. Gainera, berehala murgilduko gara 22. Korrikaren diseinuan, eta horrek ere lan handia emango digu, aurrekoetan bezala; dena den, gure erronka izango da 22.a are jendetsuagoa eta indartsuagoa izatea. Amaitzeko, ezin ahaztu 2020an Euskaraldia ere izango dugula, gure parte-hartze sendoa bermatuta. Uste dut aukerak baditugula, elkarrekin arituz gero, epe laburrean urrats irmoak egiteko.
Nafarroan, zonifikazioa gaindituko zuen Euskararen Lege berria eskatu zitzaion aurreko Gobernuari, iaz Iruñean egindako manifestazioan, baina urtebete igaro baino lehen aldatu da Administrazioa euskalduntzeko dekretua, eta ez onerako. Zer egingo du AEK-k horren aurrean?
Aurreko Gobernuarekin iruditzen zitzaigun pauso txiki batzuk egin genituela; pausoak, azken finean, txikiak izan arren. Horietako bat izan zen Administrazioa euskalduntzeko dekretua onartzea, eta horixe baliogabetu du orain epaileak. Baliogabetu diot, ez duelako debekatzen dekretuak dioena. Eta orain, gainera, Gobernuak erabaki du helegiterik ez jartzea. Hala ere, guk eskatzen diogu bere esku dagoena egiteko, eta bere esku dago aurreko legealdian zabaldutako bideari segitzea, nafar euskaldunon eskubideak babestea eta atzera ez egitea eskubideen bermean. Azken batean, hizkuntz politika eraginkorra egitea eta erabaki ausartak hartzea. AEK-k lan egin behar du, kasu honetan eta beste guztietan, euskaldunon eskubideak bermatzeko, eta eskua luzatuko diogu bide horretan sartzen den orori. Lan horretan jarraituko dugu, harik eta Nafarroa osoan euskaldunon eskubideak bermatuta egon arte.
Aurreko Gobernuak egin zituen aurrerapauso txikiak desagertuko diren beldur?
Argi dago aurreko Gobernuak ausartago jokatu izan balu, orain atzera egitea zailagoa izango zela. Orain, lau alderdiren artean sostengatzen dute Gobernua. Lauko horrek hitzarmena egin zuen Gobernua osatu aurretik, eta, hitzarmena irakurrita, ematen du ez dela atzera egingo; bestalde, Navarra Suma beti bezain oldarkor dabil. Beraz, egia esan, ez dakigu. Badirudi atzera egiteko tentazioa egon daitekeela, PSN inoiz ez delako egon euskararen alde. Orain Gobernuan dago, eta hitzarmena sinatu zuen, baina duela lau urte ez zen euskararen aldeko hizkuntz politika egiten zuen alderdia. Beraz, Navarra Sumaren agresibitatea gehi PSNren orain arteko jarrera kontuan hartuta, zuhurtziaz aritzeko motiboak baditugu. Hala ere, uste dugu nahiko masa dagoela Nafarroan euskararen gaian atzerapausorik eman ez dadin eskatzeko; ez hori bakarrik, guk ahaleginak eta bi egingo ditugu, elkarlanaren bidetik, euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta orain arte lortutakoa ez galtzeko.
Eta zein dira AEKren lehentasunak Euskal Autonomia Erkidegoan?
EAEn asko aurreratu da, aurrerapauso nahikotxo egin da, baina badaude oraindik hutsuneak, dena ez da-eta perfektua. Ezagutza eta erabilera ez datoz bat, eta horri begirako neurriak hartzea nahiko genuke. Batetik, lehen esan bezala, euskararen ezagutza unibertsala bermatu behar da, horretarako, benetako doakotasuna behar da, eta Administrazioak asko du esateko eta egiteko horretan.  Bestetik, bestelako baliabideak ere jarri behar dira. Euskaltegion finantzaketa markoa lortzeko egingo dugu lan; izan ere, marko egokia lortuz gero, irakasleon baldintzak ere hobetu egingo lirateke. Guk kanpora begira egiten dugu lan, baina pertsonak gara, eta pertsonak ere zaindu egin behar ditugu. EAEn, badago zer egin eremu sozioekonomikoan, euskaldunok euskaraz lan egin ahal izatea lortu behar dugu. Azkenik, oker ez banago, langile publiko askok hartuko dute erretiroa datozen urteotan, eta horien erreleboa hartuko duten askok gutxieneko euskara gaitasuna izango dute. Haien lan hizkuntza euskara izan dadin bultzatu beharko dugu. Hori estrategikoa da herri euskalduna lortzeko.
Eta Ipar Euskal Herrian?
Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) harremanetan gaude. Azken Korrikan egindako Klika eta hartutako konpromisoaren bidez, Iparraldeko Helduen Euskalduntzearen arloa berraztertzen ari gara. Bestalde, frantziar estatuko prestakuntza erreforma berria dela eta, Iparraldeko AEK bere barne antolaketa aztertzen ari da, kalitate zertifikazioa lortzeko asmoz.
Zer esango zenioke lagun erdaldun bati euskara ikastera animatzeko?
Laguna badin bada, argi hitz egingo nioke. Lehenik eta behin, Euskal Herrian bizi bada, euskara nahitaez ikasi behar duela esango nioke, gure hizkuntza delako; kanpotik etorri bada, eta bere herrian bertako hizkuntzan bizi izan bada, gure herrian gure hizkuntza ikasi behar duela. Nire laguna izanda, ulertuko luke horren garbi esatea. Horrez gain, esango nioke euskarak beste mundu bat zabaltzen dizula, hizkuntza jakin gabe uler ezin daitekeena, eta mundu hori ezagutu duten guztiak oso pozik bizi direla; horregatik bakarrik bada ere, ikasi egin behar duela.
Zer eskainiko die AEK-k ikasturtea hasi berri duten ikasleei?
Hasteko, euskara eskolak; horrekin batera, gure helburua euskal hiztun aktiboak lortzea izanik, euskaraz bizitzeko tresnak. AEKn, oso eskaintza zabala dugu: euskaltegiko eskolez gain, baditugu udako barnetegiak, baita neguko barnetegia ere, Foruan; mintzapraktika egitasmoak ere bai... Eskaintza oparoa da, eta euskaraz bizi ahal izateko beharrezko guztia aurkituko dute AEKn.
Halere, AEKren jarduera ikastaroetatik harago doa, ezta?
Gure ustez, euskara ezagutzea ez da nahikoa, erabili egin behar da. Horretarako, bada beste eskaintza bat herritarrari euskaraz bizitzeko tresnak emateko. Hor ditugu normalizazio planak eta proiektuak, hainbat aktibazio ekimen, AIZU! aldizkari hau, eta abar.

Kolkotik  

Zer egiten duzu erlaxatu beharra daukazunean?
Gustuko musika entzun, beste ezertan pentsatu gabe.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Ez dut gogoan, egia esan. Amari galdetu beharko nioke...
Zerk ematen dizu beldurra?
Bakardadeak beti eman dit beldurra.
Eta amorrua?
Hipokrisiak, edo faltsukeriak.
Zerk eragiten dizu negar?
Gauza askok, kar-kar! Baina zerbait aipatzekotan, munduko injustiziek.
Eta barre?
Txiste on batek.
Zerk ematen dizu lotsa?
Gauza askok, baina, batez ere, jendearen aurrean jartzeak.
Zerk alaitzen dizu eguna?
Lagunen berri izateak.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Euskal Herri euskalduna lortu dugu.
Bizitzako plazer txiki bat?
Mendian lasai egotea.
Oparitzeko liburu bat?
Txillardegiren biografia.
Zein kontzertutara gonbidatuko zenuke lagun bat?
Su Ta  Gar taldearen jarraitzaile amorratua naiz, beraz...
Larunbat gauerako planik onena?
Larunbataren arabera: batzuetan, etxean gelditzea, bakar-bakarrik, pelikula bat ikusten; beste batzuetan, parranda ederra egitea.
Euskaltegian ikasleekin egiteko gehien gustatzen zaizuna?
Goiko mailetan, gaurkotasuneko gaiak eraman eta horien gaineko jarduerak egitea. Aurreko egunean Berrian agertu den zerbaiti buruz edo.
Eta gutxien?
Ariketa analitikoak, baina batzuetan jarri behar dira ikasleak horretan.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan?
Gazta.
Nola ikusten duzu zure burua 20 urte barru?
Ez dakit, une honetan nahikoa lan dut urtebetera ikustearekin, kar-kar!
Bi hitzetan, edo esaldi labur batean, nolakoa da Alizia?
Lotsatia, isila... eta bere buruarekin oso zorrotza.