Azpeitia, euskarazko antzerkiaren erdigune

azpeitia

Euskal antzerkigintzaren ezinbesteko jokalekua izango da Azpeitia, beste behin ere, XXXVII. Euskal Antzerki Topaketei esker. Urriaren 31tik azaroaren 23ra, 30 antzezlan eskainiko dira;  tartean, 4 estreinaldi eta aurrestreinaldi bat, lehenengoak Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean prestatuak. Sorkuntza Bekari esker eginak, Sortzaile berrien zikloan eskainiko dituzte lanok: Erika Olaizolaren Panpina, Xanti Agirrezabalaren Satiro, Maite Aizpuruaren Umm... mmu eta Esti Curielen 35 huts. Aurrestreinaldia, berriz, Tartean Teatroaren eskutik etorriko da: Simplicissimus Kabaret lana. Emanaldiez gain, bestelako ekitaldiak izango dira, Corrado Masacci txotxongilo egilearen erakusketa, kasu. Gainera, aurten, estreinakoz, Euskal Antzerkiaren Lekua izeneko ekimena egingo dute, egun osoz, azaroaren 21ean. Euskarazko antzerkigintzaren topagunea izateko helburuz sortu dute, eta arloan diharduten eragile, aditu eta beste bilduko ditu sektorearen erronka, lorpen, gabezia eta beste hainbat gairi buruz mintzatzeko eta lankidetza sareak sortzeko.


zine bileraEUSKAL ZINE BILERA, euskarazko zinemari eskainitako jaialdi nagusia, azaroaren 23tik 30era egingo da, Lekeition, 42. aldiz, iazko berritasunak indartzea eta egitasmoa sendotzea xede. Hala, iaz sortutako Branka, Ganbara eta Zerumuga atalak indarberritu egingo dituzte, ikus-entzunezko lanen iraganari, orainaldiari eta etorkizunari erreparatzen dieten guneak finkatzeko. Horiez gain, azken urtean euskarazko ikus-entzunezkoek eman dituzten lanak eskainiko dira, luzeak nahiz laburrak, profesionalenak zein amateurrenak, eta Urrezko eta Zilarrezko Antzarak eskuratzeko lehiatuko dira. Emanaldiekin batera, sektorea lantzeko bestelako jarduerak ere antolatuko dituzte, hitzaldiak edota tailerrak, adibidez. Zine Bilerak emango duena www.zinebilera.eus atariak jasoko du.

 

 

 

 

 

LABURREAN

HAZPARNEKO Haritz Barne zinegelak Zinegin 2019 Euskal Zinemaldiak programatutako emanaldiak jasoko ditu, azaroaren 21etik 24ra: Telmo Esnalen Dantza; Juanmi Gutierrez zenaren Paseko txoriak; Josu Martinezen Anti film laburra; Usua Garinek, Andrea Lopetegi Lopezek eta Izotz Barriok ondutako LOU dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian; eta Napardeath, besteak beste. Emanaldietatik at, super 8 tailerra izango da aurtengo berezitasuna, azaroaren 23an, soinu grabaketa tailer batekin batera. www.zinegin-festibala.eu/ gunean ikus daiteke egitarau osoa.

AZAROAREN 23an hasi eta abenduaren 2an amaituko da Bilbao Tx 38. Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia. Hiriko hainbat lekutan, dozenatik gora konpainiaren lanak eskainiko ditu, gorputz txotxongiloak, itzalen antzerkia, maskarak... askotariko teknikekin egindakoak. Gehienak hitzik gabeak dira, eta bat euskaraz: Aioko, Zurrunka Teatrorena. Erakusketak eta lantegiak ere izango dira. Informazio guztia, www.bilbaotxfest.org gunean.

ARRIERA Bilboko konpainiaren Eden eta Zirkus-Kolira talde gipuzkoarraren Mikro lanek irabazi dute Karrikan plataformaren laugarren deialdia. Horri esker, ikuskizuna ekoizteko laguntza jasoko dute bi taldeek: ekarpen ekonomikoa, egonaldi artistikoak, kudeaketarako laguntza, emanaldiak eskaintzeko aukera... Pirinioen bi aldeetako erakundeek osatzen dute Karrika plataforma, eta horixe dute, hain zuzen, helburu nagusi: Ipar eta Hego Euskal Herrian, kaleko arte eszenikoen sorkuntza bultzatzea. Talde irabazleen lanak datorren urteko maiatzetik aurrera ikusi ahal izango dira.