Joker

joker

Zuzendaria: Todd Phillips. Gidoia: Todd Phillips, Scott Silver. Musika: Hildur Guonadottir. Aktoreak: Joaquin Phoenix, Robert De Niro, Zazie Beetz, Frances Conroy, Bill Camp. AEB, 2019.

Istorioa: Arthur Fleck Gotham hirian bizi da, amarekin. Jendeari barre eragitea du gustuko, eta pailazo aritzen da han-hemengo lan kaskarretan. Buruko gaitzen eraginez, baina, pertsona bitxi edo arrarotzat hartzen dute ia gehienek, eta bazterkeria handia jasaten du jendearen aldetik.
Sariak: Harrabots izugarria eragin du filmak estreinatu zutenetik. Aurtengo Veneziako Zinemaldian, film onenaren Urrezko Lehoia irabazi zuen, eta superheroien film bateko bilauari buruzko pelikula halako zinemaldi entzutetsuan garaile izateak lagunduko zion zalaparta horri guztiorri, baita pilatzen ari den ikusle kopuruari ere. Eta oraindik jasoko dituenak, sari zein ikusle...
Onena: Gaizkileak dibertigarriagoak eta, askotan, interesgarriagoak izaten direla maiz aipatzen da. Kasu honetan, dibertigarritik gutxi, baina interesgarritik asko. Ez espero barreneraino sartu izan diguten gaizto ezin zitalagoen eta arrakalarik gabeko heroi eredugarrien arteko betiko konturik. Jokerren jaiotza eragingo duen bide ilun, anker, aztoragarri eta eldarniozkoan lotuko eta lokaztuko gaitu filmak, giza miserien zulo beltz itogarrian sakon murgildu arte. Bidaia gordina bai maila pertsonalean bai kolektiboan, Flecken erotasunak ongarri egokia eta pareko bidaidea topatuko baititu neoliberalismoaren atzaparrek estututako Gotham hiri gupidagabe, zikin eta dekadenteko jendartean. Erotasunaren bidezidorrak eta etorbideak, denak bat. Efektu berezien festarik gabe, anabasa pertsonal eta kolektiboak hezur muinetaraino astinduko du ikuslea, Jokerren algara bezain asaldatzailea den lanean. Phoenixen lana aparta dela ere ezin ahaztu, ezta musikak filmean duen pisua ere.
Eñaut Mitxelena