‘Sargia’, Murgi eta Horebaren lan berria

murgi

Hirukotearen laugarren lana kaleratzeko, sendotu egin dute taldea Tristtan Murgik (kantu egilea, ahotsa eta gitarra elektrikoak) eta Horebak (Greg Juvin baxu jotzailea eta Cédric Lépine bateria jotzailea). Horrek lan prozesua aldarazi dio Murgiri, Horeba hasieratik izan baita partaide diskoaren lanketan. Gainera, Pey Etura gitarrista argentinarra batu zaie lau kantutan. Bederatzi abesti motzez osatu dute lana, musikalki oso aberats eta progresiboak. Ahotsak garrantzi handia hartu du Sargia disko berrian, eta Murgik gitarra efektuekin jolastu du aurrenekoz, rockera gehiago hurbilduta. Bestalde, zuzenekoetan erraz moldatzeko moduko diskoa prestatu dute, eta hainbat dira hori egiaztatzeko aukerak: Ondarroan, azaroaren 8an; Irunen, 9an; 10ean, Donostian; 13an, Laudion; 14an, Bilbon; 15ean, berriro Laudion; eta 22an, Iruñean. Abenduan, berriz, Oñatin eskainiko dute kontzertua, hilaren 1ean; Durangon, 7an; eta Donibane Garazin, 21ean.


ikerLURRALDE BERRIAK izena du Iker Martinez de Zuazoren bakarkako bigarren lanak. Hamaika kantu batu ditu bertan, eta, lehen diskoko soinu akustikoa alboratu gabe, oraingoan asko zabaldu ditu doinuak: kutsu amerikarreko rocka (Ryan Adams, The Black Crowes, The Jayhawks, Bruce Springsteen…), pop doinu alaiak (REM, Oasis…), organoa eta pianoa… Horixe da lan honen bereizgarri eta nobedadeetako bat: Ikerren eta Fredi Pelaezen arteko elkarlana. Pelaezek organoa, pianoa, wurly-a eta abar jo ditu diskoan. Hitzei dagokienez, bere buruaz idazten du Ikerrek, sentitzen eta ikusten duenaz: askatasun pertsonala, maitasuna, galera, tristura, bizitza erdiko krisia, heriotza, aurrera egitea… Hala, hitzak une horretan bizi izaten ari denaren erradiografia dira, mamuak uxatzeko bidea.

 

 

 

mockersOREKA AHULA
Mocker’s
Spinda Records, 2019

Giza legea hauskorra da, Durangoko hirukotearen ustez, ahula eta kaotikoa funtsean, ultrabaikortasunean oinarritutako sistema honek ezinegona ezkutatzera behartzen gaituen arren. Minaren edertasunari kantatzen diote zortzi abestiz osatutako bilduma honetan: euforia eta larritasuna, zoria eta ezbeharra, ziurtasuna eta zalantza; eta, tartean, egin daitekeen gauza bakarra: aurrera jo. Jon Garciak (ahotsa, baxua), Asier Eliasek (bateria, perkusioa) eta Ritxi Blancok (gitarra) aurreneko aldiz kaleratu dituzte beren kantak euskaraz, taldearen hirugarren diskoan.

elustondoBIZIRIK DAUDEN ESKUAK
Agurtzane eta Iosu Elustondo
Elkar, 2019

Neba-arreba bikotearen bigarren diskoak 16 kantu dakartza. Erreferentzia dituzten aurreko trikitilari eta pandero jotzaileei eskainitako lana da, baina, bide batez, transmisioan jarri dute indarra, iraganari modernotasunetik begiratuta, kanta zahar herrikoiak berrituta. Lagun ugari izan dute ondoan: Nerea Elustondo, Jon Sarasua, Xabier Amuriza eta Asier Iriondo, hitzak osatzeko; musikari dagokionez, berriz, Michel Longaron, Amaiur Cajaraville, Gurutz Bikuña, Xabier Zeberio, Jose Maria Santiago Motriku, Gotzone Sestorain, Pilar Aresti eta Xabier Berasaluze Leturia.