Uzta jasotzeko garaia

leihotikanNON ZAUDE?
Leihotikan
Gor 2018

Susmoa dut Leihotikan taldeari uzta jasotzeko garaia iritsi zaiola. Taldea beti izan da itzaletan, apur bat, alegia, entzule multzo handiengana iritsi gabe. Halere, jarraitzaile sutsu eta fidelak izan ditu talde umil eta apal honek (Punk rock talde soil bat izenburua jarri zion 20. urteurrenaren harira argitaratu zuen zuzeneko CD-DVD hari). Bada, orain, 25 urtez egindako lana fruituak ematen ari dela dirudi: jendetza biltzen da haien kontzertuetan, eta gero eta zale gehiagok aipatzen du talde kutunez mintzatzean. Non zaude? iruindarren azken lana da, disko bikoitza, edo bi disko bakar baten aurkeztua; izan ere, hura osatzen duten bi lanak (Egoen lehian eta Bizientzat zein hilentzat) bi lekutan eta bi teknikarirekin grabatu dituzte. Aldaketak aldaketa, edukia antzekoa da bietan: punk rock eta hardcore melodikoaren erdibidean dauden 17 abesti, indartsuak, itsaskorrak, biziak, eskarmentu handiak dakarren trebetasunez onduak.

Gotzon Hermosilla