Xeherezade gogoan, ‘Jamaikako neska’ idatzi du Iturraldek

iturralde

Jamaikako neska (Pamiela argitaletxea) izeneko nobela kaleratu berri du Joxemari Iturraldek, “istorioak kontatzearen aldeko erreibindikazioa”. Egileak aitortu du eleberria idazten eman dituen hiru urteotan Mila gau eta bat gehiago liburuko protagonista izan duela buruan. Hala, istorio mordoa dago nobela honen barruan ere, denak katramilatuta eta elkarri lotuta. Dafne protagonistak kontatzen ditu, bata bestearen atzetik. Azken emaitza autobiografia da, Dafneren ikuspuntutik; eta biografia, berriz, kanpotik begiratuta. Aita euskalduna, ama holandarra, Jamaikan jaioa... pertsonaia karismatikoa eraiki du Iturraldek. Liburuaren aurkezpenean egon den Harkaitz Canoren esanetan, “Dafne ez da euskaldun petoa, kanpoan urte asko eman duen jendea bezalakoa baizik. Poliglota da, nomada, abenturazalea, nortasun handikoa... baina badu alde ezkutu eta iluna ere”. Hainbat garai zeharkatzen ditu nobelak, eta ETAk hiltzeari utziko ziola iragarri zuen garaian bukatzen da.


euskaltzaindiaEUSKALTZAINDIA euskararen 100 urteko laguna (Euskaltzaindia) izeneko komikia osatu dute Juan Luis Zabala idazle eta kazetariak eta Amaia Ballesteros irudigileak, Euskaltzaindiaren historia modu atsegin, erraz, entretenigarri eta didaktikoan erakusteko. Irakurle gazteak jomugan, eta mamiari uko egin gabe, ukitu futurista eta modernoa, Blade Runner-en antzera”, eman diote argitalpenari. Andres Urrutia euskaltzainburuaren esanetan, 72 orrialdeko komikia kaleratzea “beste urrats bat izan da Akademiaren gizarteratze prozesuan, modu ez-instituzionalean plazaratu dugun ibilbide instituzionala”. Grupo Noticias taldeak Euskaltzaindiaren mendeurrenari eginiko ekarpena izan da komikia, eta Eroskiren babesarekin argitaratu da.

 

 

 

 

 

 

 

nonNON DAGO MIKEL LABOA?
Josune Albisu
EHU, 2019

Saiakera honek Mikel Laboaren (1934-2008) bizitza eta obra aztertzen ditu, sormenaren gainean dugun jakin-mina asetzeko eta sormenak gizartean duen eragina erakusteko. Mikel Laboa pertsona eta musikariak nola eraiki zituen harreman sareak hainbat diziplina artistikorekin; haren kezkak, gustuak, umorea eta pentsamendua... Horien guztien bidez, nabarmen gelditzen da Laboa maisua izan zela ildo tradizionala, garaikidea eta esperimentala harilkatzen.

 

oroimenarenOROIMENAREN XAFLAKORTASUNAZ
Paloma Rodriguez-Miñambres
Erein, 2019

Iradokizuna eta gai batasuna ditu bertute poesia liburu honek. Munduan zehar bidaiatuz osaturiko mapa da, haurtzaroko memoriarekin uztartuta. Mundua konprenitzeko bidezidorrak aurkituko ditu irakurleak bertan, eta bizialdiaren  xaflakortasuna agerian geratuko da. Poetaren bigarren liburua da hau: lehenengoa, Desoseguaren gorazarrea (2013), Ernestina de Champourcin XXIV. Poesia Lehiaketa irabazita kaleratu zuen.