Hezurren erretura

hezurrenMiren Agur Meabe
Susa, 2019

Aurreko lanetik sei urte igarotakoan ekarri digu Meabek Hezurren erretura, osotasun bati erantzuten dioten 21 ipuinez ehundutako testu bilduma zatikatu eta, aldi berean, biribila.
Idazleak berezkoa duen prosa poetikoa atzeman daiteke liburu honetan ere, eta entzun ere bai, hautatzen dituen hitzek eta hitzen hurrenkerak berak musikaltasuna eransten baitiote bere edo protagonistaren historiari. Bere gorputz hezurren istorioei. Hezur mordoa den bizitzari. Eta, hain zuzen ere, hezur mordo hori erretzera dator protagonista, iraganean eta memorian (eta, ondorioz, gorputzean) iltzatuta dauzkagun hezur ankerrak erre eta ongarri bihurtzera, gauza onak gal ez daitezen.
Bada, idazleak edo protagonistak (fikziozko autobiografia egin omen du idazleak, baina ezin jakin zer den fikzio eta zer autobiografia) idazketa du erreturarako arma, eta iraganetik orainaldirako joan-etorriei luma sartuta egingo dio aurre hain ausarta den kontzientzia, agentzia eta protagonismo hartze horri, ikasitakoak desikasi eta ahalduntzeko prozesuan aurrera egiteko.
Hala, askotariko gaiei (bizipenei) helduko die, eta eskola garaiko soinekoak, erlijioa, nerabezaroko usoak, gaztetako eta helduaroko bikotekide ohiak, arratoiak, ohelagun izandakoak, lagunak, etxeak, katua, semea, bakardadea, idazketa… izango ditu hizpide; bere hiztegi zabal eta aberatsaren laguntzaz, errauts bihurtuko du dena. Idaztea hezurrak erretzea delako.
Alaitz Andreu